Urdazubi eta Iruritako Salbatore besten barne, aurten ere lasterketak jokatuko dira. Urdazubikoa larunbatean, maiatzak 15, eta Iruritakoa, igandean, maiatzak 16.
Kontrabandisten lasterketa
10,3 kilometro eta 500 metroko desnibela duen ibilbidea egin beharko dute korrikalariek Urdazubin. Etxeberriko zubian hasita, Iribere auzoari itzulia eman eta Elixondoko bordara joanen dira, eta handik Azkar mendirat. Gero, Mitxelenbordan barna Axularrerat jautsi eta berriz Iribere auzoari itzulia emanez helmugarat ailegatuko dira. Hasierako eta helmugako azken metroak zakua bizkarrean egin beharko dituzte, garai bateko kontrabandisten gisara.
Izen-ematea egun berean egin beharko da, 09:00etatik 10:00etara eta 10 euro ordainduta. Eta lasterketa 10:00etan abiatuko da.
Lehenbiziko sailkatuak 100 euro, kopa eta txapela eramanen ditu; bigarrenak 50 euro eta kopa eta hirugarrenak 30 euro eta kopa. Parte-hartzaileek segurua, luntxa eta sari ttiki bat jasoko dute.
Iruritan ere bai
Igandean haur, gazte zein helduek izanen dute lasterka ibiltzeko aukera Iruritan. Alde batetik, III. Haur Krosa eginen da, 10:30ean hasita. Plazan eta erreboteko plazaren artean izanen da. Eta 11:30ean lasterketa nagusia hasiko da, aurten bigarrenez. Plazatik abiatuz, Apotea, Artxeko borda eta Iperburun barna ibili ondotik, plazan akituko da. Akabailan, luntxa, sari banaketa eta sarien zozketa eginen da. Izen-ematea dohainik da.