Mendian ibiltzea maite dutenek aukera ederra izanen dute datozen igandeetan, Arantza eta Baztango Mendi Itzuliak eginen baitira bat bertzearen ondotik. Ekainean, berriz, Sara eta Lesakakoek hartuko dute lekukoa eta irailean Aresokoak.
Arantzako itzulia maiatzaren 23an
Bi urtetik behin egiten den Arantzako ibilaldiarekin hasiko dute mendiz-mendiko itzulia mendizaleek. Elkaitza Elkarteak antolatutako Arantzako Mendi Itzulia maiatzaren 23an eginen da, igandearekin. Herriko plazatik abiatu eta leku berean emanen zaio akabera. Bitartean, Arrata errekatik jautsiz, Aranibar baserria, Unanu, Itsaszelaita, Izu, Oilargata, Ibintza, Ekaitza, Illurdi, Mendaur (aukerakoa), Mairubaratza eta Zepuruko tontorrak pasatuko dituzte parte-hartzaileek.
Guztira 30 kilometroko itzulia izanen da, baina Mendaurrera joateko hautua egiten dutenek kilometro pare bat gehiago. Desnibela, berriz, 1.550 metrokoa izanen da. Ohi bezala, ibilbidean hornidura eta osasun zerbitzuak eskaintzeko postuak paratuko dira.
Izen-emateko bi aukera daude: egun berean, 06:30etik 08:00etara, eta 12 euro ordainduta, edo www.menditzulia.com atarian. Ibilbidea 07:00etatik 08:00etara hasiko da.
Parte hartzaile bakoitzari dagokion txartela irteerako kontrol postuan emanen zaio eta hura erakutsi beharko du gainerako kontrol postuetan. Bukaeran, parte hartzaile bakoitzari oroigarri bat emanen zaio.
30 KILOMETRO eta 1.550 metroko desnibela dituen itzulia da Arantzakoa. Bosgarren edizioa da aurtengoa eta maiatzaren 23an izanen da.
Baztangoa MAIATZAREN 30EAN
Baztango Mendigoizaleek antolatutako XVII. ibilaldia hilabeteko azken igandean, maiatzak 30, eginen da, eta aurtengoa Lekarozen hasi eta akituko da.
38 kilometroko luzera eta 2.000 metroko desnibela duen itzulia egin beharko dute mendizaleek eta goizean 07:00-07:30ean abiatuko dira frontoitik, 10 euro ordainduta. Izena aitzinetik emateko www.mendizmendi.com web orrian egin daiteke.
Irteera 260 metrotan dago eta ibilbideko punturik altuena Alkurruntz mendia –940 metro– izanen da. Frontoitik abiatutakoan, hauek izanen dira ibilbidean igaroko diren lekurik aipagarrienak: Beltzuri, Eskisaroi, Zaldizuri, Alkurruntz, Betarteko lepoa, Unboto eta berriz Lekarozera buelta.
Lau kontrol-puntu izanen dira: lehena Etxebertzeko bordan (11. kilometroa), bigarrena Zaldizurin (22. kilometroan), hirugarrena Betarteko lepoan (28. kilometroan) eta azkena Lekarozko frontoian (38. kilometroan).
Informazio gehiago: www.baztangomendigoizalea.org atarian.
38 KILOMETRO eta 2.000 metroko desnibela ditu Baztango Itzuliak. Hamazazpigarrena da aurtengoa
da Lekarozen hasi eta akituko da. Maiatzaren 30ean izanen da.
Ekainean GEHIAGO
Arantza eta Baztangoaren ondotik, Sarako mendi itzulia ekainaren 6an, eta Lesakakoa ekainaren 13an izanen direla, eta Aresokoa, irailaren 5ean. Egunak hurbildu ahala emanen ditugu xehetasunak.