DATUA 70 talde baino gehiagok parte hartu dute aurtengo Joko Berri Txapelketan.
Guztiz urruñarra izan da Pleka trinketeko aurtengo pala txapelketaren finala. Joan den urtarrilaz geroztik hainbat eta hainbat partida jokatu dira, eta finalak apirilaren 24an jokatu ziren, urte guziz bezala, giro politean. Azkenean, Ladebat eta Iturbizke urruñarrak nagusitu ziren herri berekoak diren Casamajor eta Bergeroten aurka. Finala estua izan zen, 50-46 finitu baitzuten.
Bigarren A mailan, Larretxe eta Ortiz errexago nagusitu ziren finalean, Galardi eta Ubiria menean hartuz, 50-36. Bigarren B mailan ere laster erabaki zen finala. Dutaret eta Bordagaraik ez zuten problema anitz izan Olazagasti eta Lamothe menean hartzeko (50-31). Maila apalago batean bada ere, zailagoa izan zen Exposito eta Etxeberria, eta Anette eta Narbaitzen arteko finala hirugarren mailan, baina azkenean lehen biak nagusitu ziren, 50-45.
Joko berri txapelketa
Ikusgarria izan da zinez maila nagusiko aurtengo Joko Berri txapelketaren finala. Bi punturengatik baizik ez ziren nagusitu Lizardi eta Tellier urruñarrak Laduche eta Ibarburu azkaindarren aurka. Alta, partidaren hasieran urruñarrak aise aitzinatu ziren, baina azkaindarrek ez zuten amore eman, eta 29tan berdindu zuten. Baina alferrik izan zen, azkenean Lizardi eta Tellier nagusitu baitzitzaizkien, 40-38. Bigarren mailako txapelketa Antxordoki eta Garat Zuraidarrentzat izan zen, finalean Massonde eta Dibar-i 40-27 irabaziz. Hirugarren eta laugarren mailan, Azkaingo eta Sarako pilotari batzuen arteko finalak izan ziren, baina bietan kanpokoak izan ziren nagusi. Hirugarren mailan, Urdanpilleta eta Daubasek 40-30 irabazi zieten Mendionde eta Goienetxeri. Laugarrenean, berriz, are errexago irabazi zuten Garat eta Tabernak, 40-22 nagusituz Iratzoki eta Larronden aurka.
Aurten ere arrakasta handia izan du txapelketak 70 talde baino gehiagok parte hartu baitute