Foru Poliziaren trafikoko bide hezkuntzako bi polizia Elizondo eta Doneztebeko ikastetxeetara hurbildu ziren apirilaren 19an bide segurtasunari buruzko bi hitzaldi ematera. Guztira 15 eta 18 urte tarteko hirurogei ikaslek parte hartu zuten solasaldietan.Hitzaldiak Nafarroako Gobernuko Barne Departamentuak antolatutako kanpaina baten barne egin ziren eta trafikoaren arloko arazoak aztertu ziren: istripuak (zergatik gertatzen dira, ondorioak), arauak errespetatzea konponbide bezala, alkohola eta drogen eragina gidatzerakoan, gure ardura oinezko eta gidari bezala, ziklomotorraren egoera bereziak (karneta ateratzeko baldintzak) eta abar.
Azkenik, istripuen bideo batzuk ere paratu ziren eta beren zergatiak aztertu zituzten. Hitzaldietan azpimarratu zutenez, istripu gehienak pertsonaren erruz gertatzen dira: arauak ez errespetatuz (seinaleak, abiadura), hutsegiteak (sakeleko telefonoaren erabilpena gidatzerakoan, adibidez) eta inprudentziak eginez... Gisa berean, gerrikoa eta kaskoaren erabilpenaren eragin onuragarriari buruz ere hitz egin zuten istripuen ondorioak murrizteko.