Larunbatean Iruñera joateko deia egin du Baztan, Bortziriak eta Malerrekako euskalgintzak

TTIPI TTAPA 2010eko maiatzaren 13a

«Euskaldunok eskubideen murrizketa garbia pairatzen dugula» salatu zuen eskualdeko euskalgintzak maiatzaren 5ean Sunbillako Herriko Etxean egindako agerraldian. TTIPI TTAPA

1.600 atxikimendu baino gehiago bildu ditu

«Nafarroan Euskaraz bizi nahi dugunok ez dugu egoera errazik izan aspaldi. Hala ere, jakin dugu indarrak batu eta aurrera egiten. Hori da, hain justu, proposatzen duguna: batzea, eta aldarri egitea Nafarroan euskaraz bizitzeko eskubidea». Helburu eta lelo ho­rrekin  larunbat honetan Iruñean eginen den manifestaziora joateko deia egin du Baztan, Bortziriak eta Malerrekako euskalgin­tzak. 18:00­etan abiatuko da Golem zinematik. Maia­tza­ren 5ean Sunbillako Herriko Etxean egindako pren­tsaurrekoan egin zuten manifestaziorako deia.
Agerraldian adierazi zutenez, «euskal hiztun asko gara gaur egun Nafarroan. Orain dela 20 urte baino gehiago, herritarren ahaleginei esker». Baina salatu zutenez, «eskubide murrizketa garbia pairatzen dugu eus­kaldunok». Euskalgintzari hitzetan, «ulerte­zina da Nafarroako Go­ber­nua nola ari den euskaldunon kontra. Modu bereziki bortitzean ari da azkenaldian. Euskarazko komunikabideei lizentziak eta dirulaguntzak kenduz, hezkuntza-sisteman euskara baztertuz, euskara ikasi nahi dutenei dirulaguntza ezin urriagoak emanez, euskaltegiak itoaraziz, euskarazko ekimen eta ekitaldi guztiak murriztuz...».
Baina «Nafarroako euskaldunek, gainon­tzeko herritarrek bezala­xe. zergak ordaindu, lan egin... gure bete­beha­rrak betetzen ditugula», nabarmendu zuten. «Be­raz, ez al ditugu gainon­tzeko herritar erdaldun elebakarrek dituzten eskubide berberak? Antza denez, ez: bigarren mai­la­ko herritar gisa trata­tzen gaituzte euskaldunok». Ho­rren aurka, eta «euskarak eta euskaldunok Nafarroan arnasa behar dugulako: maiatzaren 15ean denok Iruñera», adierazi zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun