Alebin mailako Nafarroako Kirol Jolasen judoko finalak jokatu ziren apirilaren 24an kiroldegian. Erreka Kirol Elkarteko kirolariak ere han aritu ziren, eta emaitza onak eskuratu zituzten, gainera. Are gehiago, sariak lortu zituztenak txapelketa batean parte hartzen zuten lehenbiziko aldia zutela kontuan hartuz. Hiru domina lortu zituzten Errekakoek: Maider Jabalerak urrezko domina eskuratu zuen; eta Oier Berasategik eta Andrea Vazquezek brontzezkoa.
Lan ona
Bigarren postuaren bila lehian aritu zen Oier Berasategi, baina azkenean brontzearekin gelditu zen, epailearen zalantzako erabaki bat tartean zela.
Andrea Vazquezek ere brontzea eskuratu zuen. Urduritasunagatik edo lehen lehian kale egin zuen, baina, bigarrenean saio luzea, gogorra eta ona egin zuen.
Maider Jabalerak, bere aldetik, merezitako urrezko domina lortu zuen. Iruñeko lehen fasean irabazia zuen eta Donezteben ere azkenera arte nagusitu zen.
Gainerakoan, giro polita sortu zen kiroldegian, jende dezente hurbildu baitzen finalak ikustera.