N-121A errepidetik herrira sartzeko irtenbidearen kontra protesta eginen dute sunbildarrek

TTIPI TTAPA 2010eko maiatzaren 13a

2008ko apirilean gertatu zen azken istripu larria Sunbillako bidegurutzean. 11 zauritu eragin zituen kamioi baten eta autobus baten arteko kolpeak. TTIPI TTAPA

Nafarroako Gobernuak ez ditu kontuan hartu Udalaren eskaerak eta hilabeteko lehen ortzegunetan errepide mozketak iragarri dituzte

Sunbillako Herriko Etxea eta sunbildarrak ez daude konforme N-121-A errepidetik herrira sartzeko eta herritik ateratzeko arriskua murrizteko Nafarroako Gobernuko Herrilan Departamentuak proposatu duen irtenbide teknikoarekin. Sunbillako udaletik, bai errepide nagusiaren gainetik edo bai azpitik, bertze maila batean egitea eskatu zuten, baina Herrilan Departamentuak baztertu egin du eskari hori. Horren ordez, esperatzeko karrila eginen dute.

Erabaki honen kontra protesta egiteko bere garaian aipatu ziren errepide mozketak eginen direla jakinarazi digu Paco Errandonea Sunbillako alkateak. “Hilabeteko lehen ortzegunetan eginen dugu –dio alkateak–, lehenbizikoa ekainaren 3an. Ekainean eta uztailean ordu laurden bateko mozketak izanen dira, 11:45etik 12:00etara eta hortik aitzinera ordu erdikoak izanen dira. Egoera kezkagarria da eta burrunba pixko bat atera nahi dugu”.

Mobilizazioez gain, Sunbillako udaletik errekurtsoa bidaliko dute Herrilan Departamentura eta idatziak ere igorriko dizkiete Nafarroako Arartekoari eta Gobernu delegatuari.

Errandoneak aipatu digunez, herritarren kezka bildu bertzerik ez du egin Herriko Etxeak mozketa hauek proposatzerakoan: “Bizilagunek kezka handia dute eta zerbait egiteko ideia zuten. Bortz hildako izan ditugu irteera horretan eta beti izaten da eskapadaren bat, herritar guziek sufritzen dugu egunero”.

Udalak egindako bi proposamenak baztertu ditu Nafarroako Gobernuak. Errepide gainetik pasatuz egitekoa, horma handiegia egin behar zelako eta garestia suertatzen zelako. Errepide azpitik pasatzekoa, berriz, Ur Konfederazioak ez zuen onartzen, Bidasoa errekaren hurbiltasuna dela eta. Sunbillako alkateari Iruñetik egin gogo duten irtenbidea ez zaio batere gustatzen: “Segurua dela diote, baina niri nahaste-borrastea iruditzen zait. Sunbillara ateratzeko autoak esperoan daudela eta Irun aldetik tunela pasatu eta goitik beheiti heldu den kamioi gidaria erne ez badabila, aitzinetik eramaten ahal ditu denak” dio kezkatuta. Dirua gastatu behar denez, gauzak ongi egiteko eskaria ere egin dute Sunbillako udaletik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun