Bi multzotan eskainiko dituzte kontzertuak institutuetako ikasleek

Amaia eta Ainhoa 2010eko maiatzaren 13a

TTIPI TTAPA

Sei institututako ikasleek parte hartuko dute emanaldietan, horietatik lau eskualdekoak

Kontzertuak eskain­tzeko elkartuko dira ins­titutuetako ikasleak aurten ere. Baina aldi honetakoa ez da bertze urtetakoaren berdina izanen, institutuak bi mul­tzotan banatuta eskainiko baitituzte kontzertuak: alde batetik, Lekaroz, Doneztebeko Mendaur eta Leitzako Ama­zabal ins­titutue­tako ikasleak bil­duko dira, eta ber­­tzetik Berako Toki Ona, Mendi­llorri eta Al­tsa­suko ikasleak. Sei ins­tituturen arteko ekimena izaki, seiak­ elkar­tzeak luzeegi joko lukeelakoan erabaki da aurten bitan banatzea.

Lehen multzoa

Bera, Altsasu eta Mendillorrikoen saioak maia­tzaren 17an hasiko dira. Egun ho­rretan Berako frontoian eginen da emanaldia, 17:00­etan. Bigarrena Altsasuko kiroldegian eginen dute maia­tzaren 28an, 17:00etan; eta hiruga­rre­na eta azkena ekainaren 4an Uharteko frontoian, hau ere 17:00­etan.
Hiru institutuak eskualde diferentetakoak izanik, aurten berrikun­tza gisa, talde bakoi­tzak bere ingu­ruko dantza bat eskainiko du ber­tzeen aitzinean. Berako Toki-Onakoek, erraterako, inude eta artzainena aukeratu dute. Ho­rrekin batera, publikoarekin batera, txalo-polka egiteko asmoa ere badute.

Bigarren multzoa
Doneztebe, Leitza eta Lekarozko institutuetako ikasleen saioak bat bertzearen ondotik eginen dira: Doneztebeko emanaldia fron­toian izanen da maia­tzaren 26an; Lei­tzakoa ere frontoian eginen da, maia­tzaren 27an, eta Lekarozkoa kiroldegian, maia­tzaren 28an. Hiru kasuetan 17:00etan hasiko dira kontzertuak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun