Baztandarrak eta lesakarrak nagusitu dira Nafarroako 4x4 sokatira txapelketako bigarren jardunaldian ere

TTIPI TTAPA 2010eko maiatzaren 12a

21 urtez beheitiko eta kadete mailako txapelketetan Basaburuakoak nagusitu dira jardunaldi honetan. Goizalde URDANPILLETA

Zugarramurdin jokatutako saioan, emakumezkoetan berriz ere berdindu egin zuten Amaiur eta Beti Gaztek

Nafarroako launakako sokatira txapelketaren bigarren jardunaldia jokatu zen larunbatean Zugarramurdin.

Gizonezkoen txapelketan, 320 kilotan, Amaiur taldea nagusitu zen, tiraldi guziak irabazita. Herri bereko Ttuku-Ttuku taldea izan zen bigarren, Amaiurren kontrako tiraldiak izan ezik, gainerako guziak irabazita. Txantrea izan zen hirugarren, Basaburua laugarren eta Imotz bosgarren.

Emakumezkoen txapelketan, 255 kilotan, lehen jardunaldian bezalaxe, lehen postuan berdindu egin zuten Amaiur eta Lesakako Beti Gaztek. Bertze taldeen kontrako tiraldi guziak eta elkarren artean tiraldi bana irabazi zuten. Sakana izan zen hirugarren, Berriozar laugarren eta Basaburua-Imotz bosgarren.

 

Gazteetan Basaburua nagusi

21 urte artekoen txapelketan, 320 kilotan, Basaburua nagusiru zen tiraldi guzietan. Txantrea eta Amaiurrek, berriz, Basaburuaren kontra galdu eta elkarren arteko tiraldi bana irabazi zuten.

Kadete mailakoen txapelketan ere, 295 kilotan, Baztango Basaburua nagusitu zitzaion Txantreari. Etxarri Aranazko Andra Mari taldeak ezin izan zuen bigarren jardunaldian parte hartu.

Txapelketa honetako hirugarren eta hondar jardunaldia maiatzaren 29an jokatuko da, Jauntsarasko frontoian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun