Ander Erasun aurtiztarrak ezin izan zuen akitu igande eguerdian Azpeitiako zezen-plazan jokatutako apustua eta honenbertzez, Zumarragako Xabier Zalduak irabazi zuen, pronostiko guziak hautsiz. Kirolari bakoitzak hamar kana-erdiko moztu behar izan zituen aizkoran, eta segidan hamar kilometro egin behar zituzten lasterka
Kirolari bakoitzak erdibana eraman behar zituzten enborrak plazara (gogorrak aurtiztarrarenak eta beratsak gipuzkoarrarenak), eta 3.000 euro jokatzen zituen dirutan. 700 ikusle inguru bildu ziren norgehiagoka ikusteko asmoarekin, baina desafioa ez zen espero bezala ateri. Aizkorako saioan nahikoa emozioa egon zen, baina korrikako saioan dena akitu zen, Erasunek betekada handia izan baitzuen. Bigarren kilometroan utzi egin behar izan zuen saioa Aurtizko gazteak, eta hortik aitzinera Xabier Zalduak nahikoa izan zuen korrikaldia bukatzearekin bakarrik. Halere, lasterkako saioa kilometroko bortz minutu eginez bukatu zuen. Denera, ordubete eta 23 minutu behar izan zuen Zumarragakoak.
Apustuaren funtsa Erasunek aizkoran atera zezakeen aldean zegoen eta, ustekabean, bosgarren kanaerdikoan aitzinetik ere ibili zen Zaldua. Halere, aizkora saioaren bukaeran minutu bat aitzinetik zen aurtiztarra, espero baino alde ttikiagoa. Hori lortzeko, gainera, lan handia egin behar izan zuen, betekada handia hartu zuen, eta korrika doi-doi ibili zen lehen bi kilometrotan; azkenean utzi egin behar izan zuen saioa, lanean 42 minutu eta 51 segunu zituenean, zorabioekin eta erdi itoa, nahiz eta zorionez berehala osatu zen. Horren erakusle, bukaeran Zalduari besarkada bat emateko moduan ere izan zen. Horrek zaleak dezente lasaitu zituen, azken apustuak izan zituen ondorioak kontutan hartuta, eta Erasun balantzaka erretiratu zela ikusita, nahikoa kezka sortu baitzen zaleen artean.
Ander Erasunek lehen apustua zuen, baina ezin izan zuen akitu, eta beharbada galtzeak baino pena handiagoa eman zion horrek. «Libratu ezinik aritu naiz, hasieratik aritu naiz estututa, eta ezin izan dut nire maila eman. Oso lotuta aritu naiz, eta korrikan, berriz, larri nenbilen, betekada handiarekin, eta bukaeran utzi egin behar izan dut saioa», adierazi zuen Aurtizkoak. Anderrek etxean lan egitea edo plazan aritzea arras bertzelakoa dela nabarmendu zuen. «Ez dauka zerikusirik etxean lan egiteak edo gauza bera plazan egiteak. Etxean gustura aritu naiz, lasai; aldiz, plazan lehen apustua nuen, eta nerbioak agertu dira. Ez dut nirea egin, horrek ematen dit penarik handiena», erran zuen.