16 ahari aurkeztu dira ortziral goizean Malerrekako IV. Ahari lehiaketan. Eskualdean gehienak mutur gorriak izaten badira ere, aurten 5 ahari mutur beltz ere aurkeztu dituzte. Horien artean, Beintza-Labaiengo Angel Elizondok eraman ditu lehen sariaren 120 euroak eta hirugarren sariko 50 euroak. Bigarren saria, berriz, 70 euro, Urrozko Eustasio Mariezkurrenak irabazi du, iazko irabazleak.
Mutur gorrietan berriz, 11 ahari aurkeztu ziren eta azken bi urteetan bezala, Sunbillako Pixarnekobordako Jose Bernardo Bazterrikak aurkeztutako ahariak irabazi zuen lehen saria. Kontent zegoen Bazterrika berriz ere sariarekin, eta aipatu zuenez, “azken bi urteetan bertze ahari batekin irabazi nuen, aurten irabazi dudanaren aitarekin hain zuzen. Hura feria batean saldu nuen, 50.000 pezetatan”. Bigarren saria Iturengo Joxe Fermin Ariztegik eskuratu du eta hirugarren saria Doneztebeko Olabideko Joxe Belarrak.
Goiz parteko eguraldi goxoa aprobetxatuz, mugimendua izan zen Merkatu Plaza inguruan eta azienda tratanteak ere kontent zeuden. Andoni Mendiburuk aipatu digunez, “lau behi eta hamar behor ekarri ditugu eta bi behi saldu ditugu eta behorrak, berriz, plazara ekarritako denak eta etxean utzitako bertze bortz”. Belarra indartzen hasia da eta horretarako erosten omen ditu hemen jendeak behorrak. “Burgete arrazakoak ziren eta 600-700 eurotan saldu ditugu, beraz kontent bagoazi bazkaltzera” adierazi du tratante familiako laugarren belaunaldiko kideak.
Elizatarian berriz, eskulangileak bildu ziren, beraien lanak erakusteko. : Bittoriano Arzuaga urroztarra artilearekin; Miguel Urroz oiztarra, Santiago Uhalde zubietarra eta Juan Pedro Goñi oiztarra egurrarekin; Joxepa Loiarte zubietarra taloekin; Karlos Mindegia oiztarra gasnarekin; Fausti Juanikorena zubietarra jantziekin eta Malu Alvarez saldiastarra zilarrarekin izan ziren.