Esne sektoreko abeltzainak Madrilen bildu ziren komertzioetako irabazi tarte ikaragarrien kontra

TTIPI TTAPA 2010eko maiatzaren 7a

Esnez betetako kamioia hustu zuten Madrilen. TTIPI TTAPA

EHNE-Nafarroako ordezkariek ere parte hartu zuten

Estatu osoko 500 abeltzain baino gehiago gehoago bildu ziren maiatzaren 6an, ortzegun goizean Madrilen, Carrefour merkataritza zentro baten atarian, industrien eta banatzaile komertzialen “botere gehiegikeria” salatzeko. COAG, ASAJA eta UPA sindikatuek egindako deialdiarekin bat egin zuten EHNE-Nafarroako abeltzailen ere. Abeltzainek, esnez betetako kamio-zisterna hustu dute, “banatzaile handiek esnearekiko eta produktuekiko duten mespretxua” salatzeko.

Esne-sektorea arrisku larrian dagoela ere salatu du Nafarroako EHNEk, “krisi sakonean murgildua”. Prezioen etengabeko beherakada eta industriaren eta banatzaile handien gehiegikeriak jo dituzte egoera honen erruduntzat. Sindikatutik gogorarazi dutenez, esne litro bakoitza produzitzeak 36 zentimo gostatzen den bitartean, banaz bertze litroko 30 zentimo jasotzen dute. Desoreka honen aitzinean, administrazioei kontrol handiagoa egitea eskatu die EHNEk. Frantziako adibidea kontuan hartzea ere eskatu dute, Sarkozyk mahai berean jarri baititu produktoreak, banatzaileak eta industria, bakoitzari dagozkion komertziorako tarteak ezarri eta, honela, sektorearen etorkizuna bermatu ahal izateko.

Modu berean, EHNEk salatu du ez dela bertako esnearen aldeko aposturik egiten eta kanpotik  inportatzen dela, baita esnea erabiltzen dela konpetentzia basatia finkatzeko erreklamo gisa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun