Ander Erasunek eta Xabier Zalduak apostu handia jokatuko dute igandean Azpeitian

TTIPI TTAPA 2010eko maiatzaren 6a

Aizkoran ateratzen duen aldea baliatu nahiko du Ander Erasun aurtiztarrak apostua irabazteko. TTIPI TTAPA

10 kanaerdiko moztu eta 10 kilometro lasterka egin beharko dute eta bakoitzak 3.000 euro jarriko ditu jokoan

Atzendu ezin den hitzordua dugu igandean, maiatzaren 9an Azpeitiko zezenplazan. Egun horretan aizkora apustua jokatuko baitu Ander Erasun auriztarrak Zumarragako Xabier Zaldua kontra, 12:00etan hasita.

Kirolari bakoitzak 10 kanaerdiko moztu beharko ditu eta ondotik 10 kilometro egin lasterka. 3.000 euro paratu ditu bakoitzak jokoan.

Itxura batean, 18 urteko aurtiztarrak aizkoran aldea atera beharko lioke gipuzkoarrari. Baina 32 dituen Xabier Zaldua lasterka ederki moldatzen da eta, gainera, apustuen eta herri kirolen munduan zerbait dakien Leon Albeniz Iruntxeberrirekin prestatu omen da.

Ikusmina piztu du apustuak eta sarrera polita espero da Azpeitiako zezen-plazan.

 

Urrezko aizkolariak Urduñan

Bertze aldetik, Urrezko Aizkolarien banakako txapelketa Eusko Label Sari Nagusian elite mailako bi norgehiagoka jokatuko dira maiatzaen 8an, larunbat eguerdian Urduñako plazan. A multzoan Leaburuko Anjel Arrospide eta Igeldoko Jose Mari Olasagasti izanen dira aurrez aurre; B multzoan, Lezaungo Juan Jose Lopez Azpilikueta eta Olagueko Antonio Senosiain.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun