Nafarroan Minbizia duten Umeak Laguntzeko ADANO Elkarteak “Txapeldun bat Lagundu” (Ayuda a un Campeón) egitasmoa lantzen hasi da maiatzean. Euskal Herriko, estatuko eta nazioarteko hainbat kirolarik parte hartu dute ekimen honetan, sinatutako kirol materiala emanez. Guzira 73 kirol artikulu bildu dira eta hauek zozketa bidez eskuratzeko txartelak euro batean salduko dira. Helburua, minbizia duten haurrak eta bere familiak laguntzea izanen da, beraien bizi-kalitatea hobetzeko.
Aipatzekoa da Espainiako futbol ligako talde guziek eta selekzioak parte hartu dutela, baita Liverpool edo Arsenal bezalako nazioarteko taldeek ere. Nafarroako taldeei dagokienez, Osasunaz gain, San Antonio, Xota, Lagunak eta hainbat pilotarik parte hartu dute, tartean ttipi-ttapak hartzen duen eskualdeko Olaizola anaiak, Bengoetxea VI, Errandonea edo Olazabal. Mikel Saralegi harrijasotzailearen elastikoa ere bildu dute.
Hilabete osoan euro batean salgai izanen dira txartelak, azalera handiko supermerkatuetan, kirol elkarteetan, unibertsitatetan eta bertze hainbat lekutan.
Zozketa ekainaren 8an
Ekainaren 8an, berriz, zozketa eginen da notarioaren aitzinean eta zenbakiak komunikabideetan argitaratuko dira, hilabete bateko epean zortedunek beraien sariak biltzera pasa daitezen.