“Nafarroan Euskaraz bizi nahi dugunok ez dugu egoera errazik izan aspaldi. Hala ere, jakin dugu indarrak batu eta aurrera egiten. Hori da, hain justu, proposatzen duguna: batzea, eta aldarri egitea “Nafarroan euskaraz bizitzeko eskubidea”. Helburu eta lelo horrekin maiatzaren 15ean Iruñean eginen den manifestaziora joateko deia egin du Baztan, Bortziriak eta Malerrekako euskalgintzak. Egun horretan 18:00etan abiatuko da manifestazioa. Golem zinematik. Asteazken arratsean Sunbillako Herriko Etxean egindako prentsaurrekoan egin zuten manifestaziorako deia.
Agerraldian adierazi zutenez, “euskal hiztun asko gara gaur egun Nafarroan. Orain dela 20 urte baino gehiago, herritarren ahaleginei esker, euskara bizirik dago Nafarroan, euskara biziberritzen ari da Nafarroan”. Baina agerraldian salatu zutenez, “eskubide murrizketa garbia pairatzen dugu euskaldunok, administrazioarekin euskaraz ezin gara komunikatu, Gobernuak euskarazko hedabideei oztopoak bertzerik ez dizkie jartzen, Gobernuak ez du bermatzen haur eta gazte askoren euskaraz ikasteko eskubidea”. Euskalgintzarrentzat ulertezina da Nafarroako Gobernua nola ari den euskaldunon kontra, “modu bereziki bortitzean ari da azkenaldian, euskarazko komunikabideei lizentziak eta dirulaguntzak kenduz, hezkuntza-sisteman euskara baztertuz, euskara ikasi nahi dutenei dirulaguntza ezin urriagoak emanez, euskaltegiak itoaraziz, euskarazko ekimen eta ekitaldi guztiak murriztuz... euskara ahal duten une eta gune guztietan itotzeko ahalegin guztiak egiten ari da”.
Baina Nafarroako euskaldunek, gainontzeko herritarrek bezalaxe, zergak ordaindu, lan egin eta bertze betebeharrak betetzen ditugula gogoratu ondotik, gainontzeko herritar erdaldun elebakarren eskubide berberak ez ditugula azpimarratu zuten: “bigarren mailako herritar gisa tratatzen gaituzte euskaldunok eta hala, Gobernuaren babes juridiko, politiko eta ekonomikorik gabe, aurrera egin behar dugu”. Horren aurka, eta “euskarak eta euskaldunok Nafarroan arnasa behar dugulako: maiatzaren 15ean denok Iruñera”, adierazi zuten.