Nafarroak irabazi du aurten ere trinketeko GRAVN txapelketa

TTIPI TTAPA 2010eko maiatzaren 5a

Trinketean lehen aldiz aritu da Beñat Oronoz lesakarra eta halere, tantu bakar batengatik galdu du GRAVN txapelketako finala. TTIPI TTAPA

Jubenil mailan, eskuz binaka txapeldun izan ziren Bendoiro eratsundarra eta Juanenea saldiastarra eta buruz buru azpitxapeldun Oronoz lesakarra

Nafarroak irabazi du aurten ere trinketeko GRAVN txapelketa-El Corte Ingles Sari Nagusia. Izan ere, larunbatean Mendillorrin jokatu ziren 15 finaletatik 13tan aritu ziren Nafarroako ordezkariak eta horietatik 8 irabazi zituzten.

Esku pilotan, jubenil mailan gure inguruko pilotarian genituen buruz buruko nahiz binakako txapelketan.

Buruz burukoan, trinketean lehen parte hartzea zuen Errekako Beñat Oronoz lesakarra aritu zen finalean eta 34-35 galdu zuen Bizkaiako pilotariaren kontra. Oronozek Arabako ordezkariari emaitza berberarekin irabazi zion lehen jardunaldian eta finalerdian 35-30 irabazi zion Gipuzkoako ordezkariari. Finalean ere, azken sakea berak izan zuen, baina bizkaitarrak sakebuelta zuzenean sarera bidali zuen.

Binakako finalean, ordea, Gaizka Bendoiro eratsundarrak eta Aritz Juanenea saldiastarrak garaipena eman zioten Nafarroari, 40 eta 10 irabazi baitzioten Bizkaiako bikoteari. Basaburua Txikiko bi pilotariek erakustaldi bikaina eman zuten.

Heldu den asteburuan frontoiko finalak jokatuko dira Gasteizko Mendizorrotzan eta hor ere eskualdeko pilotariak izanen dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun