Bide Berdeei buruzko giden salmenta Bertizen eginen da hemendik aitzinera

TTIPI TTAPA 2010eko maiatzaren 5a

Bide Berdeei buruzko gidak Bertizen eskuratzeko modua dago. TTIPI TTAPA

Euroveloren Endarlatsa-Doneztebe zatian lanean segitzeaz gain, aurten Legasa-Elizondo zatia proiektatzen bukatuko du Partzuergoak

Maiatza bide berdeen hilabetea da. Egun zentrala maiatzaren 9a, igandea, da. Bertizko Turismo Partzuergoak eskualdea egituratzen duen baliabide jasangarri honen alde lanean segitzen du eta aurten, bere Bertizeko erakusketa-dendaren tokiaz baliatuz, Bide Berdeen materialaren salgai jartzea aurkezten du.

Bide Berdeen zuzendaritzak bide berdeei buruzko gidak argitaratzen ditu. Material hau komunikazio bide hauen zaleentzat interes handikoa da, baina bazkide diren edo espezializatuak dauden establezimenduetan bertzerik ezin da aurkitu. Gure eskualdean, hemendik aitzinera salmenta puntu espezializatu hori Bertizen egonen da.

Gidak hiru liburukitan daude eta Estatuko 92 bide berdeen informazioa jasotzen dute.

Bertizko Partzuergoa bide berdearen garapenean lan egiten ari da. Aurten Legasa-Elizondo zatia proiektatzen bukatuko da, Nafarroako Gobernuko Landa Garapenaren departamentuaren laguntzarekin. Modu berean, Euroveloaren proiektuan lan egiten ari da, Doneztebetik Endarlatsaraino. Horretarako Lesaka eta Doneztebeko udalekin, oraindik Partzuergotik kanpo daudenez, hitzarmenak  sinatu behar izan dira. Eurovelo proiektu honetan, Europako eta Nafarroako Gobernuko dirulaguntzak daude eta zenbait entitate parte hartzen dute Bertiz Partzuergoarekin batera: Txingudiko garapen agentzia den Bidasoa Activa, Irun eta Hondarribiko udalek, Lapurdiko Hendaia, Getaria eta Donibane Lohitzunekoek eta Pyrénées Atlantiques-eko Kontseilu Orokorrak. 2011n lanak egiteko behar diren ikerketa eta proiektuak eginen dira aurten. Bitartean, Nafarroako Gobernuaren Herrilan, Garraio eta Komunikabideetako Departamentuak hitza emana du errepide berriaren lanekin hondatu ziren zatiak konponduko dituela, Igantzin eta Lesakan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun