Errepideetako Plan Zuzentzaileak ez ditu Etxalarko Udalaren alegazioak kontuan hartu

TTIPI TTAPA 2010eko maiatzaren 6a

Lizarietako bidea elurretan. TTIPI TTAPA

Lizarietarako eta Zugarramurdirako bideak hobetzea eskatu zuen

2009-2016ko Nafarroako Errepideen Plan Zuzentzaileari Etxalartik pasatzen diren bi errepide moldatzeko udalak egindako bi alegazioak ez direla kontuan hartu salatu du Etxalarko Udalak.

Alde batetik, Etxalarko Benta eta Lizaieta lotzen dituen NA 4400 errepidea moldatzea eskatu zuen, batez ere herria eta Lizaietako gainaren arteko zatia, “puntu zehatzetan igarotzeko arazo handiak daudelako, onargarriak diren guttieneko baldintzak betetzen ez dituzten zenbait bihurgunetan, batez ere”. Errepidearen arriskua guttitzeko trazatua moldatu beharko litzatekeela uste du Etxalarko Udalak,  bihurgune horiek zabalduz eta zapaltzeko moduko kunetak eginez. Izan ere, gaur egungo kunetek “beldurra emateko modukoak” dira Udalaren ustez, “banaz bertze60 zentimetroko sakonerakoak eta hainbat zatitan zabal-zabalak. Zanpatzeko moduko kunetak eginez gero, errepideak metro bat gehiago hartuko luke zabalean”.

 

Zugarramurdirako bidea

Bertze aldetik, Zugarramurdiko bidea hobetzeko proposamena ere egin zuen Etxalarko Udalak. Nafarroako Errepide Sarean ageri ez bada ere, bide honek gero eta garrantzi gehiago hartzen ari dela adierazi du Etxalarko Udalak. Lehenbailehen lanak egin behar direla uste du, “zola egoera negargarrian dagoelako eta errepidearen arriskua nabarmena delako”. Hemen ere, zanpatzeko moduko kunetak egiteak aunitz lagunduko luke ibilgailuen harat-honatean. Kontuan hartu behar da errepide hau etorkizuneko Bizikletaren Plan Zuzentzailean ageri dela, bidea moldatzeko bertze arrazoi bat.

Aipatu bezala, 2009-2016ko Errepideen Plan Zuzentzailean ez dira kontuan hartu eskaera hauek eta orain, Nafarroako Parlamentuko talderen batek proposamen hauek bildu eta Planean sartzea espero du Etxalarko Udalak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun