Martxoan baino 40 langabetu guttiagorekin bukatu da apirila eskualdean

TTIPI TTAPA 2010eko maiatzaren 4a

Halere, 1.149 lagunek izena emana dute Doneztebeko Enplegu Bulegoan

Doneztebeko Enplegu Bulegoan 1.149 lagunek emana zuten izena apiril hondarrean, martxoan baino 40 guttiagok. Oraindik langabetu kopurua hagitz handia da, baina  apirilean %3,36 beheiti egin zuen eskualdean, Nafarroa osoko kopuru berdintsuan (Nafarroan %3,16 jautsi da).

Doneztebeko Enplegu Bulegoaren bitartez 359 kontratu gauzatu ziren apirilean, baina horietatik 55 bertzerik ez ziren mugagabeak izan.

Adina eta sexuari dagokionez, 25 urtez goitikoen artean somatu da gehien jautsiera; gizasemeetan 524tik 505ra jautsi zen langabetu kopurua apirilean eta adin tarte horretako emakumeen artean, 528tik 504ra. 25 urtez beheitikoen arteko gizasemetan ere 91tik 87ra jautsi da langabetu kopurua eta emakumeetan, aldiz, 47tik 53ra igo zen.

 

Industrian eta zerbitzu arloan bakarrik jautsi da langabetu kopurua

Lan arloei dagokienez, aipatzekoa da zerbitzuen arloan eta industrian bakarrik jautsi dela langabezia.

Zerbitzuen arloak dauka, alde handiarekin, langabetu gehien, baina apirilean jautsiera handiena somatu duena ere arlo horixe izan da, 667tik 635era jautsi baita, 32 guttiago. Industrian ere 20 lagun guttiago daude lan gabe, 254. Eraikuntzan berdin mantentzen da langabezia, 163 langabeturekin; nekazaritzan, aldiz, 22tik 24ra igo da langabetu kopurua eta aitzinetik lanik egin ez dutenen artean izan du gorakadarik handiena langabeziak eta 73 langabetu ziren apiril hondarrean, martxoan baino 10 gehiago.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun