Maiatzaren 1eko manifestazioa Elizondon burutu zuen LAB sindikatuak

TTIPI TTAPA 2010eko maiatzaren 3a

"Langileon borroka, aldaketaren indarra" lelopean egin zuen manifestazioa LABek Elizondon. TTIPI TTAPA

"Ezkerreko proeiktu bat berreraikitzea denon lana" dela azpimarratu zuen Koldo Saenz ordezkariak

Maiatzaren 1ean egindako ekitaldien barrenean, Elizondon manifestazioa egin zuen Baztan-Bidasoaldeko LAB sindikatuak. Manifestazioa eguerdian egin bazen ere, aitzinetik elkarretaratzea deitua zuten, gosari on bat egiteko eta txistorra, salda, sagardo eta ardo pixka batekin, egun euritsuari indarrez aurre egiteko. Gero, 130 bat lagun abiatu ziren Elizondoko plazatik, txistuaren doinuak lagun zituztela. Ibilaldian, “Baztan-Bidasoak bizi behar du, “Ez ez ez despidorik ez”, “Jo ta ke irabazi arte”, “No falta dinero sobran ladrones” edota “Reforma laboral para la patronal” oihuak tartekatu zituzten.

 

Berriz ere Elizondoko Plazara bilduta, Koldo Saenz, LABeko ordezkariak hartu zuen hitza. Saenzek aipatu zuenez, “orain dela bi urte hasi ginela, krisi hitza aditzen; lehenengo kaleratzeak eta espedienteak etorri ziren, ondoren lan erreforma aplikatu nahi dute, kanporatze indemnizazioa merketuz, EREentzako karta txuria emanez, pentsioak murriztuz, gazteentzako kontratua sortuz... Azken finean gure eskubideak negoziatzen ari dira”.

 

Erreforma honek helburu garbia du, LABen ustez, “kapitalaren gainbehera langileek ordaintzea. Ez dugu sinisten dirua falta denik, jakin badakigu eta azken urteetan aberastasun ugari sortu dela. Gainera ikusten dugu nola AHT bezalako azpiegiturak ordaintzeko milaka milioi gastatzen dituzten, jendarteak zer dioen galdetu ere egin gabe”.

 

LABek eredu berri bat sortzeko gaitasuna duela adierazi zuen Koldo Saenzek, “garaia da ezkerreko proiektu bat berreraikitzea eta hori da denon lana etorkizunean” adieraziz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun