Larunbat honetan hasiko da izokinak arrantzatzeko denboraldia

TTIPI TTAPA 2010eko apirilaren 30a

Doneztebeko San Tiburtzio presatik Endarlatsara bitarte arrantzatu ahal izanen da. TTIPI TTAPA

Uztailaren 18an edo hogeigarren alea arrantzatzean bukatuko da

Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak jakinarazi duenez, larunbat honetan, hilak 1, hasiko da Bidasoan izokinak arrantzatzeko denboraldia.

Aurten, denboraldia noiz hasi isurialde kantauriarreko ibaien ardura duten administrazioek adostu dute, eta iaz baino beranduago hasiko da (iaz hilabete lehenago eman zitzaion hasiera). Denboraldia uztailaren 18an edo 20 izokin arrantzatzen dituztenean bukatuko da. Doneztebeko San Tiburtzio presatik Nafarroaren mugara arteko lurretan eta zati horretan ura Bidasoara isurtzen duten erreka guztietan arrantzatzen ahal da egunero, besta egun ez diren asteartetan izan ezik.

Ordutegiari dagokionez, maiatzean 06:30etik 22:00ak arte arrantzatzen ahalko da eta ekainean eta uztailean 06:30etik 22:30era arte. Arrantzaleak gehienez 20 minutuan ari daitezke arrantza, bertzeren bat zain badago. Arrantzaleek kainabera bakarra eta legezko amuzki eta txanku guztiak erabil ditzakete. Amuzki naturalak ezin dira erabili maiatzeko azken larunbata arte.

Izokinek gutxienez 40 zentimetro eduki behar dituzte. Jatorri deiturari dagokionez, izokinak edukitzeko, garraiatzeko eta saltzeko, ale bakoitzak bere jatorri ziurtagiria eduki behar du, eremuko Ingurumen guardak egina. Ugaldu diren izokinei ez diete jatorri ziurtagiria egingo, arrantzatzea debekatuta baitago. Gainera, izokinak merkaturatzea debekatuta dago, denboraldian arrantzatutako lehenbiziko izokina izan ezik.  Azkenik, izokinak mikromarkekin harrapatzen dituzten arrantzaleek mikromarka hori dagoen buruko zatia guardari eman behar diote, jatorri gida egiterakoan.

 

2009an 10 izokin harrapatu zituzten

Bidasoan, iaz, 10 izokin harrapatu zituzten. Izokinak arrantzatzen normalean baino beranduago hasi ziren eta, lehenbizikoak apirilean eta maiatzean harrapatu zituzten arren, izokinen %70 ekainetik aitzinera arrantzatu zituzten. Izokinen %60 amuzki artifizialekin harrapatu zituzten; naturalekin %40.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun