EHNE-Nafarroa sindikatuko berdintasun arloak antolatuta “Emakume Baserritarren Begiradak” argazki erakusketa zabaldu zen apirilaren 28an Iruñeko Planetarioan. Abeltzaintza eta nekazaritzako profesionalak diren emakumeen 60 irudi biltzen ditu, emakumeak ere arlo honetan aritzen direla ikusteko eta inolako errekonozimendu profesionalik gabe familia zaintzen eta baserriko lanetan aritu ziren aitzinako emakumeen belaunaldiei omenaldi xume bat eskaintzeko helburuarekin. Modu berean, orokorrean baserriko familien eta, zehazki, emakumeen bizi-kalitatea hobetzeko eskubide eta baliabide gehiago eskatu nahi dira erakusketa honen bitartez.
Erakusketan, Raquel Rico Berako gaztearen 60 argazki biltzen dira. Berako neska hau duela bi urte harremanean jarri zen EHNE sindikatuarekin, Bertizen Estatuko Nekazari eta Abeltzainen XVII Topaketa antolatu zenean. Geroztik, hainbat irudi hartu ditu eta horietako batzuk ikusgai jarri dira Planetarioan, maiatzaren 8ra bitarte. Nafarroako Gobernuaren Berdintasunaren Institutuak diruz lagundu du proiektua eta Planetarioko erakusketaren ondotik, eskualdez eskualde eramateko asmoa dago, Nafarroako leku ezberdinetan ezagutzera emateko, solasaldiekin batera.