Euskal Zerria ezagutzera emateko jardunaldi gastronomikoak eginen dituzte maiatzean Donamariako Bentan, Maskarada izendapenaren laguntzaz.
Orain dela mende bat Euskal Herria osoan zabaldua zegoen euskal zerria, baina abeltzaintzan eta merkatuetan 1950. hamarkadatik aitzinera izandako aldaketen ondorioz kasik desagertu egin zen eta 1981ean jatorrizko arraza honetako 50 bat zerri bertzerik ez ziren gelditzen. Zorionez, azken urteetan berreskuratzen ari da eta horren erakusgarri da Maskadara izendapenaa, Jose Ignacio Jauregik 350 zerri hazten baititu Arruitzen duen 80.000 metro koadroko eremuan.
Donamariako Bentan 31 euroan eskainiko dute menua, Imanol Luzuriaga somelierrak aukeratutako Inurrieta upategiko “Kajo” ardoa barne duela. Lau plater eta postrea ditu menuak: lehenik, Euskal Zerriaren ertzebeteak eskaintzen dira, etxeko sesamo ogirarekin; bigarrendako zainzuri txuri eta berdeak, behi gazta eta euskal zerriaren paparrarekin; Euskal zerriaren sekretua, piper berde frixituekin eta mostaza saltsarekin; kostilla konfitatua patata-purea eta Modena ozpinaren erredukzioarekin eta akitzeko, gazta freskuaren krema, bizkotxoa eta kafea.
Lorea Luzuriaga, Donamariako Bentako sukaldariak aipatutakoaren arabera, “den-dena zerria pisua denez, menua errazioekin eta denboraldiko barazkiak sartuz orekatu dugu. Lau plater arras ezberdinak dira, zerria egiteko lau modu ezberdin ezagutzeko”.