Nafarroako launakako sokatira txapelketa abiatu zen igandean Baigorrin. Lehen jardunaldia ezin berdinduagoa izan zen, lehen postuei dagokienez. Honela, gizonezkoen 320 kiloko txapelketan, gainerako tiraldi guziak irabazi eta elkarren arteko bana irabazi zuten Amaiurrek eta Baztango ttuku-Ttuku taldeek. Txantreak Amaiurko bi taldeen kontrako tiraldiak galdu egin zituen, baina Imotz eta Basaburuari irabazi. Imotzek Basaburuari bakarrik irabazi zion eta talde honek tiraldi guziak galdu zituen. Honela, oraingoz sailkapenaren buruan dira launa puntu terdirekin Amaiur eta Ttuku-Ttuku, Txantreak 3 puntu ditu, Imotzek 2 eta Basaburuak 1.
Emakumezkoen 255 kiloko kategorian ere berdintsu joan zen lehen jardunaldia. Amaiurrek eta Beti Gaztek gainerako talde guziei irabazi egin zieten eta elkarren artean, tiraldi bat irabazi eta bertzea galdu. Sakanak baztandarren eta lesakarren kontra galdu zuen, baina Berriozar eta Basaburua-Imotzi irabazi; Berriozarrek Basaburua-Imotzi irabazi zion eta talde honek tiraldi guziak galdu egin zituen.
Sailkapen buruan, beraz, Amaiur eta Beti Gazteko neskak, launa puntu terdirekin, Sakana ondotik 3 punturekin, Berriozarrek 2 eta Basaburua-Imotzek 1.
21 urte arteko mutilen txapelketan, 320 kiloko kategorian, Baztango Basaburua nagusitu zen, Txantrea eta Amaiurren aitzinetik.
Kadete mailako txapelketan, azkenik, talde mistoak aritu ziren 295 kiloz beheitiko kategorian eta lehen jardunaldi honetan Etxarri-Aranazko Andra Mari nagusitu zitzaion Baztango Basaburuari. Txantreak ezin izan zuen lehen jardunaldian parte hartu.
Nafarroako 4x4 sokatira txapelketako bigarren jardunaldia maiatzaren 8an jokatuko da Zugarramurdiko frontoian eta hirugarren eta hondar jardunaldia maiatzaren 29an Jauntsarasko frontoian.