Nafarroako Kirol Jolasen barrenean, alebin mailako judo txapelketako finalak jokatu ziren apirilaren 24an, larunbatean Doneztebeko kiroldegian. Ikusle ugari bildu ziren harmailetan eta Oskar Mindegiak entrenatzen dituen Errekako judokentzat egun ederra izan zen, Maider Jabalerak urrezko domina eskuratu baitzuen eta Oier Berasategik eta Andrea Vazquezek brontzezko domina lortu zuten. Aipatzekoa da hiru judoketatik birentzat lehenbiziko konpetizioa zela, beraz, ezin gehiago eskatu.
Maider Jabalerak ongi merezitako urrezko domina eskuratu zuen, Iruñean lehenbiziko fasea irabazi ondotik, Donezteben ere ongi gailendu baitzen.
Oier Berasategi bigarren posturako lehian izan zen, baina epaileen erabaki eztabaidagarri baten ondotik, brontzezko domina golkoratu zuen. Andrea Vazquezek ere brontzeko domina eraman zuen. Lehenbiziko borrokan hasiberriaren urduritasuna antzeman zitzaion, baina bigarrena irabaztea lortu zuen, borrokaldi luze, gogor eta bikain baten ondotik.
Errekako judo eskola kontent dago, bai kirol aldetik lortutako emaitzarengatik, baita jendeak emandako erantzunarengatik ere.