Bide segurtasunari buruzko hitzaldiak eman ditu Foruzaingoak Doneztebe eta Elizondoko ikastetxetan

TTIPI TTAPA 2010eko apirilaren 27a

Istripu gehienak pertsonaren erruz gertatzen direla azpimarratu zen hitzaldietan. TTIPI TTAPA

15 eta 18 urte arteko hirurogei ikaslek parte hartu dute solasaldietan

Foruzaingoko trafikoko bide hezkuntzako bi foruzain Elizondo eta Doneztebeko ikastetxeetara hurbildu ziren apirilaren 19an bide segurtasunari buruzko bi hitzaldi ematera. Guztira 15 eta 18 urte tarteko hirurogei ikaslek parte hartu zuten solasaldietan.

Hitzaldiak Nafarroako Gobernuko Barne Departamentuak antolatutako kanpaina batean kokaturik zeuden eta bertan trafikoren arloan ematen diren arazoak aztertu ziren: istripuak (zergatik gertatzen dira, ondorioak), arauen errespetua konponbide bezala, alkohola eta drogen eragina gidatzerakoan, gure ardura oinezko eta gidari bezala, ziklomotorraren egoera bereziak (karneta ateratzeko baldintzak), eta abar. Azkenez istripu bideo batzuk jarri ziren eta beren zergatiak aztertu zituzten.

Hitzaldietan azpimarratu zen istripu gehienak pertsonaren erruz gertatzen direla: arauen ez errespetatzea (seinaleak, abiadura), hutsegiteak (mugikorraren erabilpena gidatzerakoan, adibidez), inprudentziak, eta abar. Halaber, gerrikoa eta kaskoaren erabilpenaren eragin onuragarriari buruz hitz egin zuten istripuen ondorioak murrizteko.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun