Apirilaren 23an Liburuaren Eguna dela eta, Zugarramurdiko Udalak eta Sorginen Museoak, Cederna-Garalur eta Nafarroako Liburutegi Publikoen Sarearekin batera, Nafarroako ikastetxe guztietara Haur Ipuin eta Marrazki Lehiaketan parte hartzeko deialdia bidali dute. Lehiaketa, Logroñoko Fede Autoaren laugarren mendeurrenaren oroitzapenean 2010erako prestatu diren ekitaldien barne dago, Zugarramurdiko 31 lagun sorginkeria egotzita Inkisizioaren Logroñoko Epaitegiak auzipetu zituenekoa.
Proposaturiko lana “Zure herrian sorginik izan al da?” gaiarekin erlazionatua beharko du izan. Modu honetan, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ume eta gaztetxoek Zugarramurdiko historia ezagutzeaz gain bere herrietako historia ikertzea, bere arbasoen bizimoduaren eta ohiturenganako interesa piztea, sendabelarren mundua, mitologia, sorgin ehiztari eta sorgin ehizan murgiltzea nahi da. Bertze helburuetako bat ttikien artean sormena, originaltasuna, irakurketa, idazketa eta arte plastikoekiko zaletasuna sustatzea da, eta garrantzitsua deritzogun kultur ezberdintasunen onarpena, norberaren kulturarekiko ezberdina den kulturetara hurbilketa eta ezberdina denari beldurra galtzea.
Lanak bidaltzeko azkeneko eguna maiatzaren 28a, ortzirala, izanen da eta sari banaketa ekainaren 19an Sorginen Museoan izanen da, Sorginaren Egunaren barnean.
Lehiaketaren oinarriei buruzko informazio gehiago:www.turismozugarramurdi.com