Doneztebarrak elkarteak Tunezerako bidaia eta 100 euroko erosketa balea eman ditu

TTIPI TTAPA 2010eko apirilaren 27a

Doneztebarrak elkarteko kideek Elkartasuna kasinoan egin zuten zozketa larunbatean. TTIPI TTAPA

Asteburu honetan, pintxo lehiaketa eginen da Doneztebeko ostatuetan eta merkatariak karrikara aterako dira

Doneztebarrak Merkatari Elkarteak Tunezera bi lagunendako aste bateko bidaiaren eta 100 euroko erosketa balearen zozketa egin zuen apirilaren 24ean. Hain zuzen, martxoaren 15etik apirilaren 24ra bitarte elkarteko kide diren komertzioetan erosketak egiteagatik  Tunezerako bidiaren zozketan sartzen ziren bezeroak. Aldi berean, eskuorriak banatu ziren hainbat galderekin eta horiek erantzuteagatik, 100 euroko erosketa txartel baten zozketan ere sartzeko aukera izan dute erosleek, erantzunekin batera erosketa-tiketa aurkeztuz.

Aipatu bezala, larunbatean bildu ziren Doneztebarrak elkarteko kideak Elkartasuna Kasinoan, zozketa egitera. Tunezerako bidaia Donamariako Pili Arretxeari egokitu zitzaion eta 100 euroko erosketa balea Zubietako Jasone Astibiari. Doneztebarrak merkatarien elkarteak eskerrak eman nahi izan dizkie Kasino elkarteari bere laguntzagatik eta bezeroei, adierazi duten fideltasunagatik.

 

Pintxo lehiaketa asteburuan eta komertzioak karrikara larunbatean

Aipatzekoa da asteburuari begira, hainbat ekitaldi antolatu dituztela Doneztebeko ostalari eta merkatariek.

Honela, ortziraletik igandera, asteburu osoan herriko ostatuek III Pintxo lehiaketa antolatu dute. Euro baten truke, ostatuek prestatutako pintxoak eta Bodegas Inurrietako ardo bat hartzen ahal dute bezeroek eta gero, beraien ustez pintxorik onena denaren aldeko botua ere ematen ahal dute. Publikoaren sariaz gain, adituek osatutako epaimahaiarena ere izanen da. Joan den urtean Titi ostatuak irabazi zuen epaimahaiaren saria, alkatxofak ahatearekin eta onddo kremarekin prestatu zuten pintxoarengatik eta publikoaren saria Ameztiak eraman zuen, baratzeko deliziak iberiko xaflarekin pintxoarekin. Bi mila pintxo baino gehiago saldu ziren iaz.

Maiatzaren 1ean, larunbatean, Doneztebeko 13 merkatari aterako dira karriketara beraien produktuak eskaintzera eta haurren dantzak, erreziklaje tailerrak eta trenak ere izanen dira egunean zehar.

Asteburu honek Doneztebeko Udalaren, Nafarroako Gobernuaren eta ANAPEH elkartearen laguntza izan du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun