Senpertarrek ez dute berehala ahantziko apirilaren 9ko golpe gogorra. Eguerdiko berrisailek zioten 07:00 aldean ikasle gazte bat zendu zela Tolosako INSA eskolako apartamenduetan gertatu zen sutean. Geroago jakin zen gazte hori senpertarra zela: Bixente Lopez 19 urteko mutiko ezagun bezain maitatua. Ezbehar hau gaitzeko golpea izan da bere familiarentzat lehenik, baina baita bere adiskideentzat ere. Eta erran behar da Bixentek lagunak bertzerik ez zituela inguruan: errugbi taldean, pilotan eta Amotzeko besta komitean.
Arretxean eta Hazparneko San Josep eskoletan ikasi ondoren, lehen urtea egiten ari zen Okzitaniako hiriburuan inginadorea izateko. Eta han ere bistan dena, giro ona sortu eta lagunak egin zituen. Bertzerik egiten ez omen zekien.
Heriotzak lurrikara sortu du herritarren artean eta denen mezuak biltzeko bere lagunek omenaldi gunea sortu dute Facebook sarean. Sortu bezain laster, ehunka mezu agertu dira. Milaka ondoko egunetan.
Omenaldi hunkigarria egin zitzaion elizan ospatu ziren ehorzketen kari ere. Dantzariek Aurreskua eskaini eta Amets Arzallus Iparraldeko bertsulari txapeldunak zonbait lerro kantatu zizkion izar bat dela erranez.
Bixenteren irriaz oroitu beharko dugu hemendik goiti. Penaturik dagoen Xopereneko familia onari besarkada beroa eta dolumin bizienak.