Ze esatek! izanen da maiatzaren 8an eginen den gaupasako talde nagusia

Xan Harriague 2010eko apirilaren 26a

Frantxoa Usandizagak egin du aurtengo gaupasaren afitxa. Ez du lehen urtea. Azken hamarkada honetan berak egin ditu gehienak, baina pixkanaka-pixkanaka maila hobetzen ari da gurean bizi den itsasuar

DATUA. 5 musika talde ariko dira maiatzaren 8ko gaupasan: Noiz ari gira? txaranga, Aire Nou de Bao Kataluniako dantza taldea, Xasta, Ze esatek! eta Digital Impact.

Urte bat baizik ez du Ze esatek! taldeak, baina gaztea baldin bada ere, ez du erran nahi eskarmenturik ez duenik. Trikizio, Txortains, Skunk eta Harlaxeko musikari batzuek osatu zuten duela urte pasatxo, eta jadanik 50 kontzertu baino gehiago eman dituzte, baita disko bat grabatu ere. Ska, reggaea eta Rocka lantzen dituzte, besteak beste, besta giro alaia sortzeko ahaleginetan. Heldu den maiatzaren 8an, Herri Urrats bezperan, gurean izanen ditugu beste hainbat animazioren artean.
Arratsaldetik aitzinera, Noiz ari gira? txarangak animatuko du herriko plaza. 21:00etatik aitzinera nazioarteak ere bere tartea izanen du, Aire Nou de Bao Kataluniako dantza taldeak ikuskizuna eskainiko baitu. Ze esatek! taldea hasi baino lehen, berriz metala gustuko dutenek Xasta entzuteko aukera izanen dute. Gasteizko laukote hau bidea egiten ari da pixkanaka-pixkanaka, eta gero eta kontzertu gehiago ematen hasi da. Azkenik Digital Impact, alegia, DJ Madgic eta DJ Pacek izanen dute gau osoa animatzeko ardura.
Sarrera sei eurokoa izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun