600 lagun leizean Nafarroako turismo sariak banatzeko ekitaldian

Margari eta Koro 2010eko apirilaren 26a

Margari eta Koro

2010eko Turismo Sarien Banaketa egin zen apirilaren 19an leizeetan. Orain arte Iruñeko Baluarten egin izan da sari banaketa hau, baina aurten lehenbiziko aldiz handik atera eta gure leizeetara ekarri dute. Ikuskizun huntara herritar guztia gonbidatua zegoen, eta horrez gain gure «marka« ere eman genion: sorginak eta akerra agertu ziren, eta zikiro bat erre zen. Sarako txalapartariak ere aritu ziren, baita Doneztebeko Abesbatzako bi ordezkari ere. Gisa berean, aipatzekoa da eskualdera bi sari etorri zirela: Hiruak Bat landetxeen elkartearentzat eta Urdazubi-Baztango Santiago Bideko Lagunak elkartearentzat. Bertze bitxikeria bat ikusteko aukera ere izan zen: politikariak (Sanz lehendakaria barne) eskuaraz mintzo!!!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun