Karmeldarren 50. urteurrena ospatzeko ekitaldiak antolatu dituzte

TTIPI TTAPA 2010eko apirilaren 26a

Erran beharrik ez dago argazkiak ez direla gaur egungoak, urteak baitaramatzate karmeldarrek herrian. Utzitako argazkiak

Kontzertua eta bazkaria izanen dira monasterioan

1960. urtea zen. Urte hartan etorri ziren karmeldarrak herrira. 1945etik Karmeldarren komunitatea Hondarribian (Gipuzkoa) zegoen, baina bokazio haundia zela eta, Hondarribian zituzten bi etxeak ttiki gelditu eta Donamarian gaur egun duten jauregia erosi zuten. Erraten denez, Ameriketara joan, han dirua egin eta herrira bueltatu zen batek eraiki omen zuen gaur egun komentua dena. Eta salgai paratu zuenean karmeldarrek erosi zuten. Geroztik herrian daude.

Maiatzeko hirugarren asteburuan
Beraz, 50 urte beteko dituzte karmeldarrek aurten Donamariara etorri zirela. Eta urteurren horren harira, ekitaldiak antolatu dituzte maiatzaren 15 eta 16rako, larunbat eta iganderako.
Maiatzaren 15ean, San Isidro Egunean, gauean akordeoi eta klarinete kontzertua izanen da euren Elizan. Igandean, berriz, hilak 16, 12:30ean meza izanen da eta ondotik bazkaria komentuko baratzean. Joan nahi dutenek etxetik jatekoa ere eraman dezakete.
Gaur egun komentuan dauden 18 mojen izenean, Olatz Garmendiak ekitaldietan parte hartzeko gonbitea luzatu dio inguruko jendeari, baina bereziki herritarrei. Eta musika emanaldira eta bazkarira joan nahi dutenek aitzinetik mojekin jarri beharko dute harremanetan, hauek zenbat lagun bilduko diren jakiteko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun