Bizikleta eta lasterka apustua eginen dute lau gaztek larunbatean

Jaione OTXANDORENA 2010eko apirilaren 26a

Bikoteka herritik Mendaurrera joan beharko dute

Apustuek ez dute etenik herrian eta gazteak indartsu datoz. San Jose Egunean herriko bortz gazte harri-jasotzen edo koxkor biltzen ikusi genituen, eta oraingoan, bertze gisako desafioa ikusteko aukera izanen dugu, eta hau ere ez nolanahikoa.
Herriko lau gazte aspaldian ari dira larunbat honetan, maiatzak 1, eginen duten apusturako prestatzen. Iñaki Mikelarena, Aitor Agirre, Arkaitz Vicente eta David Ezkurra dira  protagonistak.
Bikoteka egin beharko dute lana, Mikelarenak eta Agirrek alde batetik, eta Ezkurrak eta Vicentek, bertzetik.
Egin beharreko lana hauxe izanen da: Mikelarena eta Ezkurrak bizikletaz joan beharko dute Añeztira, Auloa baserritik pasatuz. Behin Añeztira ailegatutakoan, lagunari pasako diete erreleboa. Hortik aitzinera, Vicentek eta Agirrek Mendaurko ermitara joan beharko dute lasterka, eta bueltan etorri ere bai. Itzulerakoan, Añeztira ailegatzean, Mikelarena eta Ezkurraren txanda izanen da berriz. Hauek bizikleta hartu eta Arretxekoborda baserritik barna herrira bueltatu beharko dute.
Erran bezala, larunbatean egin dute hitzordua: 09:00etan.
Lagunarteko giroan egiteko intentzioa dute, eta horren seinale, jokoan paratu dutena Iturengo Altxunea erretegian afaria da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun