Errekak bosgarren akitu du denboraldia

TTIPI TTAPA 2010eko apirilaren 26a

Utzitako argazkiak

Anaitazarra, Burlata, Txantrea eta Ardoiren gibeletik, bosgarren postuan akitu du Errekaren eskubaloiko talde nagusiak 2009/2010 denboraldia. Aldi honetan ere, lan polita egin du Errekak, eta gustura gelditu da emaitzarekin. Lehendabiziko fasean laugarren gelditu zen eta Txapeldunen Fasera sailkatzea lortu zuen, nahiz eta puntu guttirekin. Alde horretatik, «hagitz zaila» ikusi zuten taldean lehendabiziko postuetan zeudenen tartean sartzea. Baina bigarren fase bikaina egin du, bi partida berdindu eta bertzeak irabazi dituelako eta azkenean merituzko bosgarren postua lortu du. Elkartetik TTIPI-TTAPAri erran diotenez, «hurrengo urteetan goiko postuetan ibiltzeak izan behar du Errekaren helburua». Euren hitzetan, «taldearen armarik hoberena, dudarik gabe, defentsa da, agian kategoriako hoberena. Talde gogorra da gurea, eta hori da gure emaitza onen arrazoia».
Bertzalde, heldu den denboraldiari begira, sekula baino talde gehiago izanen direla aitzineratu du Erreka Kirol Elkarteak: benjaminak, alebinak, infantilak eta kadeteak, bai mutil eta bai nesketan ere. Azken orduko aldaketarik ezean, horrela izanen da. Dena den, nobedade nagusia, eta nabarmentzekoa, seniorretan bi talde izanen direla da. Bat aurtengoa, eta bertzea aurten jubeniletan aritu direnekin eta eskubaloia utzi eta bueltatzeko gogoa duten jokalariekin osatua. Herrian eskubaloia indartsu dagoenaren seinale!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun