Malerrekako IV. Ahari Lehiaketa eginen da Udaberriko Ferian

TTIPI TTAPA 2010eko apirilaren 26a

Artxibokoa

Horrez gain, artisauen erakusketa ere izanen da

Cederna Garalur elkartearen eta Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin, Udaberriko Feria antolatu du Udalak maiatzaren 7rako.

Egitaraua
• 11:00-13:00 Merkatuko Plazan, Ahari Lehiaketa.
• 10:00-14:00 eskualdeko artisauen erakusketa. Hauek dira parte hartuko duten zortziak: Bittoriano Arzuaga urroztarra artilearekin; Miguel Urroz oiztarra, Santiago Uhalde zubietarra eta Juan Pedro Goñi oiztarra egurrarekin; Joxepa Loiarte zubietarra taloekin; Karlos Mindegia oiztarra gasnarekin; Fausti Juanikorena zubietarra jantziekin eta Malu Alvarez zilarrarekin.
• 13:30ean sari banaketa.

IV. AHARI LEHIAKETA
Udaberriko Feria egunean eginen da Ahari Lehiaketaren laugarren edizioa. Latxa arrazako ahari lehiaketa izanen da, eta Malerrekako baserritarrei egonen da bideratua.
Artzain bakoitzak nahi adina ahari aurkeztu ahal izanen ditu eta izen-ematerakoan ez da inolako kuotarik kobratuko. Baina horretarako 11:00etarako Merkatuko Plazara eraman beharko dira aziendak.
Sei sari emanen dira: hiru mutur gorriendako eta bertze hiru mutur beltzendako. Sariak bi kasuetan berdinak izanen dira: lehenbiziko saria 120 euro; bigarrena 70 euro eta hirugarrena 50 euro.
Bertzalde, ahari buruak aurkezten dituzten baserritarrei 30 euro emanen zaizkie parte hartzeagatik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun