Istripu aunitzekin joan zen apirilaren 10eko asteburua

ttipi-ttapa 2010eko apirilaren 26a

Bortz istripu gertatu ziren herrian eta inguruan

Apirilaren 10 eta 11ko asteburuan bortz istripu izan ziren herrian, hiru larunbatean eta bi igandean. Larunbat arratsaldean Usategietako bidean, bi motorrek elkar jo zuten eta ondorioz bi zauritu izan ziren. Ondotik bizikleta eta patinete batek elkar jo eta zauritu bat izan zen. Eta hirugarrenean, iluntzean, motor batek auto bat jo eta motor-gidaria zauritu zen.
Igandean, berriz, bi istripu gertatu ziren. Bat berriro ere Usategietako errepidean. Kasu honetan txirrindulari bat izan zen amildegian beheiti erori ondotik zauritua. Eta bertzea herri inguruan, auto bat bidetik atera eta amildegira erortzear gelditu zen. Zorionez ezbehar honetan ez zen zauriturik izan.
Irudi duenez, denak ere, ez dira garrantzi haundikoak izan, nahiz eta momentu hartan istripu bat larria zelakoan, helikopteroz eraman zuten zauritua erietxera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun