Krisi garaian, negozio berriak irekitzeko beldurrik ez

Gurutze PIKABEA 2010eko apirilaren 26a

Josune Tolosak joan den urteko apirilean zabaldu zuen Elizondon Alai oinetako-denda. ttipi-ttapa

Krisiarekin prezioari gehiago begiratzen dio bezeroak

ESALDIA. Josune TOLOSA. Alai oinetakoak (Elizondo)

«Balorazioa ona da, baina hemendik aurrera gauzak hobetuko zaizkidala pentsatzen dut»

 ESALDIA. Ixiar ANDUEZA. Elika, dietetika zentroa (Bera)

«Kontuan hartuz hasierak zailak direla, jendearen erantzuna ona izan da»

ESALDIA. Maite OSKOZ. Kosma jantzi-denda (Doneztebe)

«Polita da norberarentzat lan egitea, baina gastuak eta buruhausteak ere badira»

ESALDIA. Mikel LIZARRAGA. Ogiberri okindegia (Leitza)

«Duela urte bat langabezian nengoen eta orain soldata bat atera dezaket hilabetero»

ESALDIA. Joxe ORONOZ. Tinta benta (Zugarramurdi)

«Guretako krisia kasik hobe. Lehen jendeak ez zion prezioari begiratzen eta orain bai»

Ekonomia hain ongi ez dabilen honetan, sakelari gehiago begiratzen zaio. Aurrezteko izanen dela erranen dute batzuek, eta badaezpada edo beldurragatik ari direla bertzeek. Baina jendeak guttiago gastatzen du. Orain arte, begiarekin erosten zuenak orain merkeenari begiratzen dio. Halere, negozio berriak irekitzera ausartu direnak ere badira.

Krisiari beldurrik ez, eta ez dira gutti azken bi urteotan eskualdean negozio berriak martxan paratu dituztenak. Josune Tolosa, Ixiar Andueza, Maite Oskoz, Mikel Lizarraga eta Joxe Oronoz dira horietako batzuk. Baikor mintzatu zaizkigu, baina hobetzeko itxaropenarekin.
Oinetako-denda
Lanik gabe egon, eta «bizitzari nola aurre egin» pentsatzen zegoela otu zitzaion Josune Tolosari Elizondon Alai oinetako-denda zabaltzea. Iazko apirilean izan zen. Krisi garaia izanagatik, momentu hartan «ilusioa, gogoa eta beharra» beldurraren gainetik zegoelako hasi zen, eta gaur egungo egoera ekonomikoa zein den eta hasi berria dela kontuan hartuz, «balorazio ona» egin digu. Halere, «hemendik aurrera gauzak hobetuko» zaizkonaren itxaropenarekin omen dago.

Elikadura zentroa
Betidanik zuen ametsa egi bihurtu zuen Ixiar Andueza beratarrak joan den urteko maiatzean, Elika dietetika eta elikadura zentroa zabaldu zuenean. Krisia bete-betean zela, negozioa martxan paratzeak «beldurra» eman arren, aitzinera egitea erabaki zuen. Gainera, «aurreko lanaren etorkizuna ezegonkorra» zuen. Lanean ia urtebete daramanean, kontent dago: «kontuan hartuz hasierak zailak direla, jendearen erantzuna ona izan da». Ez omen du krisiaren eraginik nabaritu, baina «ezin dut balorazio zehatzik egin, urte eskas daramat».

Jantzi-denda
Urtebete eta hilabete batzuk ditu Maite Oskozek Doneztebeko Kosma jantzi-dendarekin, 2008ko Eguberrietan ireki baitzuen. Senarraren ideia izan omen zen denda zabaltzearena: «horrelako jantzien denda du bere amak Irunen, eta Donezteben horrelako arroparik ez zegoela ikusita, hutsik zegoen eremu bat bete genuen». Krisiak «beldur haundia» eman ziola ere aitortu digu, baina «oinarria Irunen izatea aldeko abantaila zen eta ez zen inola ere ez, hutsetik hastea izan». Eta baikor dago, bere irudiko, «hagitz polita delako norberarentzat lan egitea». Hori bai, «gastuak eta buruhausteak ere badira, denda ttikia izanagatik».

Okindegia eta kafetegia
Mikel Lizarraga leitzarraren kasuan, krisi garaian negozio berria irekitzeak dezente aldatu zion egoera, eta onerako gainera. Izan ere, okindegi-kafetegia zabaldu aurretik, langabezian zegoen. «Ogiberri enpresa Leitzan negozioa zabaltzekoa zela eta langile bila zebilela enteratu nintzen. Curriculuma bidali eta deitu egin zidaten». Langile soila izateko deitu ziotela pentsatu omen zuen hasieran, eta gero konturatu omen zen kudeaketa ere bere esku geldituko litzatekeela. Akordio batera ailegatu, eta emaztea eta biek iazko apirilean hartu zuten ardura. Krisia erdiz-erdi zegoenean, «arriskatu eta animatu ginen», dio. Eta ongi atera zaio: «duela urte bat langabezian nengoen eta orain soldata bat atera dezaket, eta gaur egun, gehiago eskatzerik ez dago». Oraindik krisiak beldur «pixka bat» ematen dion arren, pozik dago.

Pintura denda
Krisia negoziorako ongi etorri zaionik ere bada, eta horixe da, hain zuzen, sortzez saratarra baina Zugarramurdin bizi den Joxe Oronozen kasua. Estatu frantziarrean prezioak garestiagoak direla aprobetxatuz, negozioa Zugarramurdin ireki zuen bertze bazkide batekin: pinturak eta tarimak saltzen dituen Tinta benta. Kontatu digunez, «publizitate aunitz egin genuen Frantzian, eta jendeak horrela ezagutu gaitu». Eta krisia? «Guretako kasik hobe», erantzun digu. «Lehenago jendeak prezioari ez zion sobera begiratzen, eta orain bai, eta gurean estatu frantziarrean baino aise merkeago denez, Frantziatik honat etortzen dira erostera».

KRISIAREN ERAGINA NABARITU AL DA?

«Erosteko beldurra» somatu dute merkatarien elkarteek

Krisia denek somatu dute. Hortan bat datoz guztiak. Baztan, Bera, Doneztebe, Leitza eta Lesakako merkatarien elkarteak, denak. Eta bereziki nabaritu dutena jendearen erosteko beldurra omen da.
Mikel Sobrino Elizondoko Fantxike dendakoa eta Bertan Baztango Merkatarien Elkarteko kidearen irudiko, «jendea merkearen bila dabil». «Beharbada Baztanen ez da krisia hain indartsua, eta hortaz, aitzinera segitzen dugu». Badute, ordea, kezka eragiten dien bertzelako kontu bat ere: Arraiozen irekitzekoa den hipermerkatua. Zurrumurruek diotenez, maiatz aldera zabalduko da, eta Simply etxearena izanen da. «Batez ere, elikagaiak saltzekoa denez, batzuk lasaitu egin dira, baina oraindik badago beldur pixka bat», dio Sobrinok.
Larun-Haizpe Berako Merkatarien Elkarteko eta Kalotxa dendako Adela Arlegik ere krisia nabaritu dutela erran digu, baina egoera honek «alde onak eta txarrak» dituelakoan dago: «txarra, guttiago saltzen dela, eta ona, irudimena landu behar dela  jendea erakartzeko». Halere, bere ustetan, orain bizpahiru urte bezero batzuk hasiak omen ziren sakela estutzen, «krisia ailegatu berria zen eta beldurtuak zeuden». Gisa berean, «geronek krisia ez sortzeko», erosteko deia egin du: «erosteari utziz gero, zer egin behar dugu saltzaileok?». 
Doneztebarrak Merkatarien Elkarteko eta Kosma jantzi-dendako Maite Oskozek, bere aldetik, «erosteko beldurra» somatu du bezeroengan. Baina «itxaropentsu» begiratzen dio etorkizunari, beti ere, herrian erostearen beharra azpimarratuz: «Mundu honetan sartu arte ez da konturatzen eskualdean erostearen garrantzia zenbaterainokoa den, eta pena da. Eman jatera, jatera ematen dizunari kontzeptua kontuan hartu beharko genuke».
Leitzako Kaxkabeltza elkarteko eta Etxe-tresnak dendako Estitxu Astibiak krisi garaian denda «asko» ireki direla adierazi digu, baina hortik aparte, «jende gutxiago» dabilela nabaritu dute: «bezeroak prezioari gehiago begiratzen dio eta ordaintzeko erraztasunak eskatzen ditu». Leitzarren ehuneko haundi batek Sarrion egiten du lan, eta oraingoz bederen, ez dago erregulaziorik ez kaleratzerik ere. Hala, Astibiaren iritziz, «Sarrio ongi doan artean, guk ere aurrera eginen dugu».
Eta Lesakan berdin, krisia maiz hizpide. Lesakako Merkatarien Elkarteko eta Barcelo bidaia-agentziako Maider Susperregik krisia «dezente» nabaritu dutela azaldu digu: «bezeroak prezioak konparatzen ditu eta merkeena erosten du». Hortaz, euren helburua «ahal den neurrian aguantatzea» eta «Lesakako bezeroak hemen gelditzea» izanen omen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun