Urtero bezala, apirileko azken igandean eginen da Nafarroaren Eguna, apirilaren 25ean, Baigorrin. Nafarren arteko lokarriak indartzeko helburuarekin, 1978an egin zen besta egun hau lehenbizikoz Baigorri eta inguruko gazteek bultzatuta, eta azken 31 urteotan Basaizea Kultur Batasuna da egun honen antolaketaz arduratu dena.
Basaizea elkarteak ekitaldiak urte osoan antolatzen baditu ere, Nafarroaren Eguna da, dudarik gabe, jendetsuena, eta azken urteotan, euskaldun aunitzen hitzordu garrantzitsua. Hala, goizean goizetik hasita ekitaldi andana izanen da Baigorrin: bertsolariak, dantzariak, joaldunak, gaiteroak, trikitilariak, dantzaldiak…
Aurtengoan, halere, berezia izanen da Nafarroaren Eguna, Erriberako Lodosako Ibaialde ikastola lagunduko baitu. Honela, txartelaren prezioa 10 zentimaz emendatu da, eta irabaziak ikastola honi joanen zaizkio zuzenki. Nafarroaren Egunean, Ibaialde ikastolakoak ere hor izanen dira eta lekukotasun baten bidez, bere egoera aurkeztuko dute.
Igandeko egitaraua
08:00etan askaria izanen da Baigorriko ikastolak eskainirik. 11:00etan Kabalkada. Baigorri, Txantrea eta Amikuzeko ziganteak, Bera eta Fustiñanako dantza taldea, joaldunak, Nafarroako gaiteroak, Uztaritzeko txaranga, Ezpela, txistulariak, trikitilariak…
12:00etan ikusgarria izaneen da elizako plazan. Bixente Hirigarai, Mizel Mateo, Eki Erremundegi, Julio Soto, Bixente Luku eta Mattin Luku bertsolariak ariko dira, baita Berako eta Fustiñanako dantza taldeak ere. Basaizearen hitza, Karmeleren irrintzina, dantza jauziak eta Larrain dantza ere izanen dira.
14:00etan pentzean ikastolen bazkaria eginen da.15:00etan, herriko plazan, Nafarroako 4x4 sokatira txapelketako lehen saioa eginen da. 17:00etan dantza ikusgarria eskainiko dute Zangozako Rocamador dantza taldeak, Ibarrako Lurra dantza taldeak eta Baigorriko makulariek. 19:00etan Larrain dantza eta dantza jauziak izanen dira, Ezpela txarangarekin. 22:00etan Holako taldea ariko da. Bien bitartean, Xokoan, 17:00etan Timbakada taldea ariko da, 18:00etan Xutik taldea, 20:00etan Oxabi txaranga eta 23:00etan Harakinkia.
Egun guzian Muthiko Alaiak, Oxabi, Kuxkuxtu, Bonberenea eta Lekak baratzea orkestra ariko dira.