Sunbillako Lizun gaztandegiak Idiazabalgo Jatorri Izendapenaren saria jaso du zazpigarren urtez

Joseba URROTZ 2010eko apirilaren 23a

Arkaitz Vicente, Petxenekobordan ekoizten duten Endara eta Lizun gaztekin. TTIPI TTAPA

Denboraldi berriaren irekiera ekitaldia egin zen apirilaren 21ean Iruñeko Napardin

Idiazabalgo Jatorri Izendapenak Nafarroako gazta denboraldi berriaren aurkezpena egin zuen apirilaren 21ean Iruñeko Napardi elkartean. Tuterako 33 jatetxeko Ricardo Gilek eta Juan Martinez de Irujo pilotariak moztu zuten lehenbiziko gazta. Ekitaldi honetan, duela aste batzuk Ordiziako Artzain Egunean egin zen bezalaxe, 2009ko gazten erregularitatearen sariak banatu ziren eta zazpigarren urtez, Sunbillako Petxenekobordako Lizun gaztandegiak lortu zuen saria. Arkaitz Vicentek hartu zuen saria, Luis Vicente eta Rosa Urkijo gurasoekin batera kudeatzen baitu gaztandegia.

Honela, urte osoko kalitatea saritzen da, izendapeneko teknikariek urtean zehar egiten dituzten dastatzetan lortutako puntuazioa hartzen baita kontuan.

Petxenekobordako Endara gaztak lortu du zazpigarren urtez (seigarrenez segidan) Idiazabalgo Jatorri izendapenaren sari hau, baina Lizun markarekin ere saltzen dute gazte inguru honetan. “Gazta bera da, esne berarekin egina, baina etiketa ezberdina dute. Lizun gaztarekin duela 25 urte hasi ginen, izendapenean sartuak ez geudenean, baina sartzeko bertze marka bateskatu ziguten. Lizunek bere bezeroak zituenez, marka berria sortu genuen, baina gazta ez da aldatzen” diote Petxenekobordatik.  Urtero 25 Tona gazta egiten dituzte eta horretarako 150.000 edo 160.000 litro esne behar dituzte, gehienak inguruko baserrietatik erosia.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun