Lancia Navarra Tourraren laugarren edizioa eskualdean eginen da asteburuan

TTIPI TTAPA 2010eko apirilaren 26a

Aitzinako Lancia ibilgailu dotoreak ikusteko modua izanen da eskualdean asteburuan. Fermin ETXEKOLONEA

Marka horretako aitzinako autoak ikusiko dira Etxalar, Baztan eta Zugarramurdi aldean

Clàssic Motor Club del Bages-eko Lancia Clásica atalak, Lancia Navarra Tourraren laugarren edizioa antolatu du apirilaren 24 eta 25erako eta asteburu honetan, marka horretako aitzinako ibilgailuak ikusiko ditugu Etxalar eta Baztan aldeko errepidetan. Izan ere, Etxalarko Benta aukeratu dute Tour honen erdigunetzat. Lehen aldiz, nazioarteko izaera hartuko du ekimen honek, Italiako Lancia Club Vincenzo taldeak ere parte hartuko baitu. Italiarrak ez ezik, Ingalaterra, Irlanda eta Alemaniatik ere etorriko dira Lancia autoen gidariak.

Zehazki, larunbatean 10:00etan bilduko dira partehartzaileak Etxalarko Bentako aparkalekuan. Ordu erdi beranduago Lancia Club Vincenzokoak hurbilduko dira, Errioxan barna egiten ari diren itzulitik. Italiarren puntualtasunaren eta denboraren arabera, Etxalar bixitatuko dute edo Bertizko Jaurerriko loretegira joanen dira. Segidan, Erratzu alderako bidea hartuko dute auto gidariek, Kastonean bazkaltzeko. Bazkalondoan Elizondo bisitatuko dute eta afaria eta gaua, Etxalarko Bentan eginen dute.

Igande goizean, 10:00etan Etxalartik Zugarramurdirako bidean aterako dira Lancia gidariak eta lezeetan bisita gidatua izanen dute eta Sorginen Museoan eta herrian bisita librea. Zugarramurdin Kattalin jatetxean bazkalduko dute, laugarren Lancia Navarra Tour honi bukaera emanez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun