Juul hauteskundetan hasiak dira eskualdeko ikastoletako ikasleak

TTIPI TTAPA 2010eko apirilaren 21a

8 urte arteko haurrek hautesontzietan emanen dute botua eta handiagoek Internet bidez. Aitor AROTZENA

Azken urteetako liburu eta ilustratzaile onenak aukeratuko dituzte

Apirilaren 22an, Liburuaren Nazioarteko Egunaren bezperan, Euskal Herriko Ikastoletan JUUL hauteskunde literarioen eguna ospatuko da. Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, DBHko eta Batxilergoko ikasleak izanen dira botoa emanen dutenak. Azkeneko urtetan euskaraz argitaratutako liburuak hautagai izanen dira, eta, horrez gain, gustuko duten ilustratzailea ere aukeratzeko posibilitatea izanen dute.

Hauteskunde hauek, irakurtzeko zaletasuna bultzatzeko egiten diren jardueren artean kokatzen dira.  Bidenabar, ikasleek bozka prozesu bat  zer den ikasten dute. Benetako partaide dira, izan ere, aukeraketa egiteaz gain, lehendakari, mahaikide eta idazkari lanetan beraiek aritzen baitira.

Aurten ere, Juul web-orria erabili izan da. Web-orria, bozketa egiteko plataformaz gain, irakasleen irakurketa bultzatzeko baliabideen tresna da.

 

Labiagan asteazkenean hasi dira ttikienak

Berez, bozketa eguna ortzeguna izanen bada ere, Berako Labiaga ikastolako ttikienak egun horretan txangoa dutela eta, asteazkenean, apirilaren 21ean egin dute bozketa, ohiko hautesmahaian.

Maider Matxikote zen mahiako presidentea, Ugaitz Larralde idazkaria, Aitor Lazkanotegi lehen bokala eta Ekiñe Zapiain bigarren bokala. Ikasle ttikienak, Haur Hezkuntzakoak eta Lehen Hezkuntzako lehen eta bigarren mailakoak, papereko botuen bidez eman dute bere liburu eta ilustratzaile gustokoenaren aldeko botua, gometxa horia eta gometxa urdina zuten paperen bidez. Lehen Hezkuntzako gainerako ikasleek eta DBHkoek, arestian aipatutako Juul webgunea erabiliko dute boza emateko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun