Langabetuak kontratatzeko dirulaguntzak aurkeztu dizkie Roig kontseilariak inguruko alkateei

TTIPI TTAPA 2010eko apirilaren 21a

Nafarroako Gobernuko Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilaria eskualdeko alkateekin Iruñean bildu zen bitartean, ELA sindikatuak kontzentrazioa egin zuen Alkaiagan. TTIPI TTAPA

Hasiera batean Alkaiagan egitekoa zuten bilera eta ELAk kontzentrazioa egin zuen, baina azkenean Iruñean bildu ziren

Baztan-Bidasoaldeko eta Ultzamako alkateak eta Cederna-Garalur erakundeko ordezkariak Jose Maria Roig Nafarroako Gobernuko Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilariarekin bilfu ziren apirilaren 20an Iruñean, inguru honetako lanaren eta ekonomiaren egoera aztertzeko.

Kontseilariak Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren bitartez langabezian dauden langileak kontratatzeko udal erakundeek izanen dituzten dirulaguntzen berri eman zien. Baztan-Bidasoaldea eta Ultzamako 16 udalei, lau mankomunitateri eta kontzeju bati ailegatuko zaie 386.796 euroko dirulaguntza, aurrekontuaren %8,5a.

Arantzak 20.550 euroko dirulaguntza jasoko du; Baztanek 27.809 eurokoa; Berako bi proiekturendako 7.707 eta 10.651 euroko dirulaguntzak; Bertizaranak 12.718 euro; Donamariak 18.800 euro; Doneztebek 32.275 euro; Etxalarrek 22.300 euro; Igantziko bi proeikturendako 9.600 eta 9.200 euro; Iturenek 13.527 euro; Beintza-Labaienek 17.575 euro; Lesakak 14.403 euro; Oitzek 18.275 euro; Urdazubik 11.450 euro; Urrotzek 16.384 euro; Zubietak 15.563 euro; Zugarramurdik 16.358 euro; Legasako kontzejuak 13.392 euro; Bidasoa-Berroarango juntak 10.995 euro; Malerrekako mankomunitateak 12.800 euro; Bortzirietako euskara mankomunitateak 9.432 euro eta Kintoako Mankomunitateak 15.232 euro.

Roig kontseilariaren erranetan, “Nafarroako Gobernuak bere interesa adierazi dio Arcelor-Mittal enpresari, Legasako lantegiak hartzen duen eremua erosteko, Baztan-Bidasoa osorako industrialdea sortzeko asmoaz”. Alkateek, bere aldetik, eskualdean erabilgarri dauden lur industrialen inbentarioa eginen dutela eta Nafarroako Gobernuari helaraziko diotela jakinarazi dute, inbertsio enpresariala eta lanpostuen sorrera bultzatzeko plana elkarlanean egiteko.

 

ELA sindikatua Alkaiagan

ELA sindikatuak, bere aldetik, kontzentrazioa egin zuen astearte goizean Cederna-Garalur erakundeak Alkaiagan duen egoitzan, ustez han egiteko baitzen kontseilariaren eta alkateen arteko bilera.  ELAko ordezkarien erranetan, “kontseilariak eskualde honetara egin behar zuen bisita bertan behera utzi du, egoeraren gure ikuspegia azalduz eskutitz bat eman nahi geniola enteratu delako”.  Alde horretatik, “Roig Baztan-Bidasoara bixita turistikoan heldu den aldioro gure sindikatuaren erantzuna jasoko du, mobilizazioen bitartez” jakinarazi zuen ELAk.

Baztan-Bidasoaldeko ELAren idatziaren arabera, eskualdeko lan egoera, “1.200 langabeturekin eta %15eko langabezi-tasarekin, hobetu beharrean kronifikatzen ari da eta etorkizunerako aurrikuspenak ez dira batere baikorrak”.

Enpresa nagusien lerro jakin bat bertze herrialde batera eramateak ez du zerikusirik, ELAren ustez, produkzio edo lan kostuekin, “dagokion ministroak edo kontseilariak egin dezakeen kudeaketarekin edo, batzuetan, presioarekin baizik”. Honela, Nafarroako Gobernuaren kasuan, enpresen defentsa Volkswagenekin bakarrik ikusten du ELAk “monokultibio horrek dakarren arriskuarekin”. ELAren idatziak biltzen duenez, “jakina da Baztan-Bidasoaldea ez dela kulturalki ezta soziologikoki ere gaur egungo Nafarroako Gobernuaren gustukoa eta eskualdea hiltzen ari da, utzikeria edo ahazturaren ondorioz”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun