Nafarroako Turismo Gala hartu zuen apirilaren 19an Zugarramurdiko lezeak

TTIPI TTAPA 2010eko apirilaren 21a

Sorginek girotu zuten lezeko sarrera eta gero antzezpena egin zuten. 600 bat lagun bildu ziren Zugarramurdiko lezean eta Turismo Sariak ere banatu ziren. TTIPI TTAPA

Sorginkeria prozesuaren 400 urteurrena gogoratzeko eta ingurua turismo arloan ezagutzera emateko

Nafarroako Turismoaren seigarren Gala ospatu zen apirilaren 19an Zugarramurdiko lezean eta bertan banatu ziren Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo Departamentuak arlo turistikoan egiten den lana aitortzen dituzten “Reyno de Navarra” 2010eko Turismo Sariak.

Orain artekoan, ospakizuna Baluarten egiten bazen ere, aurtengo aldaketarekin, Kultura eta Turismo departamentuak, 31 zugarramurdiar sorgin izateaz akusatuak Inkisizio prozesua izan zuteneko 400 urteurrena gogoratu nahi izan du, baita Zugarramurdiren eta inguruaren proiekzio turistikoa lagundu ere. Honela, astelehen osoan doan irekiak izan ziren bai Zugarramurdiko Sorginen Museoa, Urdazubiko lezeak eta monastegia eta 15:00etatik aitzinera Elizondoko Jorge Oteiza Museo Etnografikoa eta Bertizko Jaurerriko lorategia ere.

Zugarramurdiko ekitaldira 600 bat bisitari hurbildu ziren, sektoreko profesionalen, agintarien eta gizarte eta ekonomia eragileen artean. Bertzeak bertze, aurten 150 urteurrena ospatzen duen Iruñeko Zigante eta Buruhandien konpartsako bi zigante eta bi buruhandi izan ziren. Sari banaketa ikusgarriagoa egiteko, suak piztu ziren eta malabaristen ikuskizuna ere izan zen. Gainera, Karlismoaren Museoaren irekiera ospatzeko, liberalen eta karlisten arteko gudukaldi baten antzezpena ere egin zen, baita akelarre batena ere. Sorginkeria hizpide izanen duen “Akerbeltz” animazioko laburmetraiaren trailerra ere ikusi zen. Lezean bertan prestatutako zikiroa ere dastatu ahal izan zuten bisitariek.

Miguel Sanz, Nafarroako Gobernuko presidenteak adierazi zuenez, “sektore turistikoa, Nafarroa kanpoan ezagutzera emateko eskaparate nagusia da”. Sektore honek azken urteetan konpetibitatean irabazi duela ere azpimarratu zuen, eta horren erakusgarri, “krisi egoeran ere bere emaitzak mantendu dituela, arlo publiko eta pribatuaren elkarlanari esker”.

 

2010eko sarituak

Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo Departamentuak Nafarroako Turismo Kontseiluak proposatuta ematen dituen sariak erakunde eta ekipamendu hauek jaso dituzte. “Toki entitateak, turismo partzuergoak eta elkarteak” kategorian, Nafarroako Turismo Elkarte eta Erakundeen Federazioak jaso du saria. 

Ostatuen kategorian, Erriberriko La Joyosa Guarda hotelak jaso du saria edizio honetan. 

Iruñeko Enekorri jatetxeak Jatetxeen kategorian saria jaso du. 

Bertzalde, Congresos Navarra izenekoak zerbitzu turistikoen gaineko ikerketa, zerbitzu horien garapena eta berrikuntza eta zerbitzu horiek ematea kategoriako saria jasoko du. Aurten aipamen berezia Done Jakue Bidearen Lagunen Nafarroako elkarte guztientzat izan da: Iruñakoa, Urdazubi-Baztangoa, Estella-Lizarrakoa, Tuterakoa eta Los Arcoskoa. Jakobear urtean elkarte horiek egindako lana azpimarratu nahi izan da, luzaroan Bidea babestu baitute, jakobear kultur lana egiten baitute eta erromesaldiak sustatzen baitituzte. Horrez gain, erromesak hartzean eginkizun berezia dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun