Nafarroako Turismo Gala apirilaren 19an ospatuko da Zugarramurdiko lezeetan

TTIPI TTAPA 2010eko apirilaren 19a

Honelako agertokia antolatuko dute astelehenerako Zugarramurdiko lezean. Fermin ETXEKOLONEA

Hainbat ekitaldi izanen dira eta Turismo sariak banatuko dira

Zugarramurdiko lezeak Nafarroako VI. Turismo Gala hartuko du astelehenean, apirilaren 19an. Leku horretan 2010eko Nafarroako Erresuma Turismo sariak emango dira. Horien bidez, Nafarroako Gobernyak sektore horren lana aitortzen du. Ekitaldia 13.00etan hasiko da agertoki paregabe honetan, herriko 31 biztanleri sorginkerian aritzea leporatu zitzaien dataren 400. urteurrena baita. 

Turismo Galak Nafarroako turismo-sektoreko profesional ugari bilduko ditu, baita agintariak eta eragile ekonomiko eta sozialak ere. Bertaratuek ikusi ahal izanen duten ekitaldien programara Nafarroako turismo-proposamen batzuk bilduko dira: Sorginkeriaren Ibilbidea, Karlismoaren Ibilbidea eta 2010eko Jakobear Urtea. 

Ekitaldian animazioko “Akerbeltz” film laburra aurkeztuko da eta, bukatzeko, akelarre bat antzeztuko da. Horrez gain, egun horretan Zugarramurdiren ondoko turismo-ekipamendu batzuk doan irekiko dituzte, bertaratuek ingurua ezagutu ahal izan dezaten. Modu horretan, ekitaldiaren aurretik eta ondoren, Zugarramurdiko Sorginen Museoa, Urdazubiko leizeak eta Urdazubiko monastegia bisitatu ahal izanen dira. 15:00etatik aitzinera Baztango Jorge Oteiza Museo Etnografikoa, Elizondon, eta Bertiz Jaurerriko Lorategi Botanikoa (Oieregi) irekiko dira. 

Bertaratuei leku horretara joatea errazteko, autobusen zerbitzu berezia antolatu da Nafarroako herri nagusietatik eta bortz ibilbide izanen ditu. Haien ibilgailuetan doazen pertsonentzat aparkalekuak prestatuko dira.

 

2010eko edizioko sarituak

Oraingoan, Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo Departamentuak Nafarroako Turismo Kontseiluak proposatuta ematen dituen sariak erakunde eta ekipamendu hauek jaso dituzte. “Toki entitateak, turismo partzuergoak eta elkarteak” kategorian, Nafarroako Turismo Elkarte eta Erakundeen Federazioak jaso du saria. 

Ostatuen kategorian, Erriberriko La Joyosa Guarda hotelak jaso du saria edizio honetan. 

Iruñeko Enekorri jatetxeak Jatetxeen kategorian saria jaso du. 

Bertzalde, Congresos Navarra izenekoak zerbitzu turistikoen gaineko ikerketa, zerbitzu horien garapena eta berrikuntza eta zerbitzu horiek ematea kategoriako saria jasoko du. Aurten aipamen berezia Done Jakue Bidearen Lagunen Nafarroako elkarte guztientzat izan da: Iruñakoa, Urdazubi-Baztangoa, Estella-Lizarrakoa, Tuterakoa eta Los Arcoskoa. Jakobear urtean elkarte horiek egindako lana azpimarratu nahi izan da, luzaroan Bidea babestu baitute, jakobear kultur lana egiten baitute eta erromesaldiak sustatzen baitituzte. Horrez gain, erromesak hartzean eginkizun berezia dute. 

Azken edizioko sarituek aurtengo sarituei trofeoa emango diete. 2009ko edizioan Plazaola Turismo Partzuergoa, Nafarroako Kanpinen Elkartea, Cederna-Garalur Elkartea, Bardeako Aire Hotela, Molino de Urdániz jatetxea eta CR Listen izan ziren sarituak. Ohorezko aipamena José Luis Muniáin iruindarrari eman zitzaion, ostalaritzaren arloan erretiroa hartu baitzuen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun