Joan den igandean, apirilaren 11n, Hatsaren Poesia hamabigarren Eguna ospatu zen Senpereko Larraldean. Bertze urtetan bezala, Hatsa elkarteak argitaratzen duen olerki bilduma aurkeztu zen jendaurrean. Koldo Zubeldia zaldibitarrak eta Auxtin Zamora senpertarrak liburuaren sar-hitza irakurri zuten, bere aitzinean zituztelarik Euskal Herriko lau hegaletarik joandako olerki idazleak, bertzeak bertze, Jean Louis Davant, Henri Duhau, Lucien Etxezarreta, Argitxu Fadon, Antton Kazabon, Juanma Sarasola, Edu Zelaieta, Koldo Zubeldia, edo Igantziko eskolako ikasleen izenean Joandako Mikel Zelestino eta Senpereko ikastolako haurren izenean joandako Beronika Zamora.
Euskal Herritik kanpo bizi direlakoz, joan ezin izan zutenei pemtsamendu berezi bat ere igorri zitzaien, errate baterako Txekian bizi den Ainara Maiari, New Yorken bizi den Elizabeth Mackling-i edo Amsterdam-en bizi den Aitziber Renteriari.
Olerki bilduma
Hatsaren Poesia Egunaren karietara, aurten ere olerki bilduma argitara eman du Hatsa elkarteak. 192 orritan hainbat olerki biltzen dira. Arratsaldean, “Hatsaren olerki bustiak” izeneko ikusentzunekoa aurkeztu zen eta idazleek beren olerki bana irakurri zuten, “poesiari arnasa eta adieraztasun bat gehiago emateko”Auxtin Zamora, Hatsa elkarteko idazlearen erranetan.
Heldu den urteko liburuaren sar-hitza Antton Kazabon-Amigorenak idatziko duela erabaki zen eta eguna bururatu zen apirilaren 23an, Liburuaren Nazioarteko Egunaren karietara, Berriozako liburutegian eginen den olerki irakurketaren hitzordua aipatuz. 19:00etan hasiko den irakurraldian, Zorroka euskara taldeak eta Berriozarko udalak “Hatsaren Poesia 2010” liburua aurkeztu nahi dute.