172.704 euroko aurrekontua onartu du Nafarroako Herri Kirol Federazioak

TTIPI TTAPA 2010eko apirilaren 13a

Esther Iriarte narbartearrak Nafarroako eta Euskal Herriko markak hobetu zituen iaz txingekin. Argazkian, Xanta Souza lesakarraren ondoan ageri da Goizuetan, errekorra egin zuenean. Artxibokoa

Herri kirola aztertzeko liburua kaleratuko du

Aurtengo gastu eta sarreren aurrekontua 172.704,36 eurokoa izanen du Nafarroako Herri Kirol Federazioak. Egitasmoen artean, urtero antolatzen diren Nafarroako txapelketa, torneo eta sariak antolatzeaz gain, aurten dagozkion Euskal Herriko txapelketak antolatzea dago, goma eta lur gaineko sokatira jardunaldiak, bigarren mailako aizkora txapelketa eta harri-jasotze txapelketak, hain zuzen.
2004. urtetik 2009ra hainbat modalitateri buruzko liburuxkak argitaratu ondotik, aurten Herri Kirola orokortasunean aztertuko duen liburuxka argitaratzeko asmoa ere badu Nafarroako Herri Kirol Federazioak.
Bertzalde, aurtengo berrikuntzen artean Internetera egindako saltoa izan da. www.herrikirolaknafarroa.org web orria egin du eta txapelketeten emaitzak, argazkiak, modalitate bakoitzari buruzko xehetasunak eta azken orduko berriak biltzen ditu.

Iazko balorazioa
Joan den urtean, Nafarroako Herri Kirol Federazioan federatutako 451 kirolari aritu ziren lehian, helduetan 254 lizentzia eta Nafarroako Herri Kirol Jolasetan, berriz, 197. Federazioak antolatutako ekitaldi eta txapelketen xehetasunak eta emaitzak jakitera eman ziren.
Aipatzekoa da Nafarroako bortz errekor berri ezarri zirela 2009an: Josetxo Barberena eta Iñaki Barberena anaiek arpanean, Joakin Aioroa iturendarrak ingude altxatzen (18 kiloko ingudeari 94 altxaldi minutu terdian); Unai Bertiz sunbildarrak harri-jasotzen (100 kiloko zilindroari 34 altxaldi bi minututan); Maika Ariztegi iturendarrak koxkor biltzen (7:23) eta Esther Iriarte narbartearrak 25na kiloko txingak eramaten (42 plaza). Bi emakumeen kasuan, Nafarroako errekorra ez ezik, Euskal Herriko marka berria ere lortu dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun