Sarako Ondarea elkartea sortu dute hainbat herritarrek

Xan Harriague 2010ko api. 13a, 14:48

Arbasoen aberastasunak biltzea da helburua

Elkarte bat sortu berri da egun hauetan gure herrian. Sarako Ondarea da eta izenak dioen bezala, herriko arbasoek utzitako aberastasunak biltzeko eta atxikitzeko helburua du. Hastapen batean, ahozko lekukotasunak, argazkiak eta objektuak biltzen ariko da gerora begira horiekin hainbat lan eskaini ahal izateko. Dozena erdi bat lan ildo finkatu dituzte momentukoz: laborantza munduan, desagertu diren lantegiak edo meategiak, kontrabandoa, gerlak, saratar ezagunak eta artistak, besteak beste. Gai horien inguruan lehengo istorioak grabatu nahi dituzte adinekoekin mintzatuz, eta bidenabar herriko euskalkia ere bilduz. Argazki zaharrak eskaneatuko dituzte, eta haien jabeei itzuliko. Lehengo tresnei dagokionez, argazkiak aterako dituzte, eta azalpenak bilduko nola funtzionatzen zuten jakiteko. Alegia, historia oroitzeko lana egiteko gogoa du Sarako Ondareak.

Bulegoa
Elkarteko bulegoa jadanik osatu dute, baina gai horietan interesatua den edozeini irekia da. Horretarako harremanetan sartu daiteke Henri Errandonea elkarteko presidente izendatu berriarekin edo Fafa Agirre, Xabi Behotegi, Joxet Bergara, Philippe Gérard, Jean Lasaga, Maider Olasso, Philippe Piguet eta Jean Pouyet elkarteko kideekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun