Ohiturari jarraikiz, milaka lagun, hauen artean senpertar ainitz, Sararat gan ziren Bazko Astelehenez Idazleen Biltzarrean parte hartzerat. Batzuek liburuak erosteko eta bertze batzuek beren idazlanak presentatzeko.
Aguxtina Lassèguek, erraterako, Holandarra eta Sarako sorginak eleberriaren euskarazko itzulpena agertu zuen. Halere, Idazleen Biltzarra huts egin duenak eta liburuan idazlearen sinadura nahi duenak LekuOna liburu eta egunkari saltegirat gan beharko du maiatzaren 8an. Egun hortan, solas egiten ahalko da Aguxtinarekin.
‘Sara etxez-etxe’
Arrigaraia, Kaikuenea, Sagardiburua edo Zimiztaenea... Etxe izen hauek ederrak bezain aberatsak dira, eta horiek oro bildu ditu Sara etxez etxe bere azken liburuan Auxtin Zamora herritarrak. Orenak eta orenak eman ditu lan hau egiteko Altziburukoak milaka jendekin mintzatu behar izan baitu. Izen hauen bilketa egitea ezinbertzekoa iduritzen zitzaion azken 50 urteetan inarrosaldi gaitza jasan baitute gure herriek eta beraz, baitezpadakoa zen lekukotasunak betiko finkatzea.
Etxeen izenez gain, hauen kokapen geografikoa ere irakur daiteke GPS batekin atzemateko gisan edo Interneten Google Earth programarekin etxetik beretik Sarako herria zerutik bisitatzeko. Gaurko egunean, gero eta etxe gehiagok ez dute izenik baina etxe hauen jabe gehienek lehenbailehen izen bat asmatuko dutela hitz eman diote Auxtini. Liburuak interes haundia sortu du: geografikoa, historikoa, eta hizkuntza mailakoa, Euskal Herriko etxeen izenek altxor ainitz atxikitzen baitute izenen baitan. Saran etxez etxe ibili ondoren, orain herrian ibili behar luke, agian ba...