DATUA 32. EDIZIOA izanen du aurtengoa Nafarroaren Egunak.
Urtero bezala, apirileko azken igandean eginen da Nafarroaren Eguna, apirilaren 25ean, Baigorrin. Nafarren arteko lokarriak indartzeko helburuarekin, 1978an egin zen besta egun hau lehenbizikoz Baigorri eta inguruko gazteek bultzatuta, eta azken 31 urteotan Basaizea Kultur Batasuna da egun honen antolaketaz arduratu dena.
Basaizea elkarteak ekitaldiak urte osoan antolatzen baditu ere, Nafarroaren Eguna da, dudarik gabe, jendetsuena, eta azken urteotan, euskaldun aunitzen hitzordu garrantzitsua. Hala, goizean goizetik hasita ekitaldi andana izanen da Baigorrin: bertsolariak, dantzariak, joaldunak, gaiteroak, trikitilariak, dantzaldiak...
Kultur Astea
Egun haundiaren aitzinetik, bertze zenbait ekitaldi ere eginen dira Baigorriko Kultur Astearen harira.
Larunbat honetan, apirilak 17a, irri gaualdia eginen da Baigorrin Bil Etxea gelan, 21:00etan hasita. Kike Amonarriz eta Asisko, Unai Iturriaga, Ander Lipus, Joseba Tapia, Uxue Alberdi, Supazter xokotik zuzenean eta Ruben izanen dira.
Igandean, berriz, Irulegin Jarapea ostatuan 17:00etatik aitzinera, Joseba Tapiaren diska berriaren aurkezpena izanen da.
Apirilaren 21ean Bidarrain haurren eguna izanen da eta apirilaren 24an Baigorriko elizan musikaldia. Biel Majoral eta Pep Gimeno Botifarra ariko dira kantuan.