Albiste ona azken urte erdiko etengabeko langabeziaren igoera gelditu dela da. Albiste txarra sekulan izan den langabetu kopuru handienetan gelditu dela: 1.114 langabeturekin bukatu zen 2009.urtea, sekulan izan zen kopururik handiena. Urtarrilean 1.214ra igo zen (ehun gehiago) eta otsailean eta martxoan langile ixuria gelditu eta zertxobait jautsi egin du langabetu kopuruak (1.194 eta 1.189). Zenbaki izugarriak, halere.
Duela urte baten gisara, mobilizazioak hasi dira berriz ere, eskualdeak bizi duen egoera sozio-ekonomikoa salatzeko. Apirilaren 10ean manifestazioa deitu zuen LABek Beran eta hilaren 22an paro eguna antolatu dute Arantza, Bera eta Etxalarko udalek, ELA, LAB eta eta EHNE sindikatuen eta bertze eragile batzuen atxikimenduarekin. Horrez gain, mozio bat eztabaidatzen eta aitzinera ateratzen ari dira Baztan, Bortziriak eta Malerrekako udaletan. Martxoaren 4an Cedernak Alkaiagan duen egoitzan bildu ziren eskualdeko alkateak eta mozioa adostu zuten. Horren arabera, Jose Maria Roig Nafarroako Gobernuko Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko kontseilariarekin biltzea eskatu dute eta elkarrekin langabezia subsidiorik gabe dauden langileei zuzendutako Enplegu Plana martxan jartzea, bertze zenbait neurriren artean.
LANGABETUAK HERRIZ HERRI (1)
Arano 7
Arantza 26
Areso 7
Baztan 293
Beintza-Labaien 9
Bera 181
Bertizarana 47
Donamaria 16
Doneztebe 93
Elgorriaga 10
Eratsun 10
Etxalar 36
Ezkurra 8
Goizueta 31
Igantzi 33
Ituren 21
Leitza 130
Lesaka 130
Oitz 13
Saldias 3
Sunbilla 40
Urdazubi 18
Urrotz 5
Zubieta 13
Zugarramurdi 13
(1) 2010eko otsaileko datuak